argia.eus
INPRIMATU
Oier Lorente preso donostiarra askatu dute
  • Donostiako Askegunean atxilotu zuten Oier Lorente eta lau urteren ostean atera da kartzelatik; Segiko kide izateagatik 6 urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak.

ARGIA @argia 2017ko apirilaren 26a
Lorente, pozez espetxearen kanpoaldean. (Argazkia: @guztioklanean)

2013ko apirilaren 19an atxilotu zuten Donostiako Bulebarrean antolatu zen Aske Gunean, eta asteazkenea, goizeko 11.00ak aldera atera da Dueñasko espetxetik, sei urteko kartzela zigorra osorik beteta.

Espetxean jarraitzen dute auzi beragatik atxilotutako Egoi Alberdi, Mikel Arretxe, Nahikari Otaegi, Imanol Vicente eta Ekaitz Ezkerrak.

Zortzi gazteak torturapeko deklarazioetan oinarrituta zigortu ditu Auzitegi Gorenak. Hirugarren pertsona batzuek torturatu bitartean poliziari egindako adierazpenetan daude oinarrituta, gerora auziperatuek epailearen aurrean salatu zutenez. Horrez gain, zapi, kamiseta, CDak eta halako frogak aurkeztu dituzte Segiko kide direla demostratzeko.

Askeguneak sare sozialetan publikatutako ohar batean jakinarazi dute maiatzaren 6rako, "eztanda izugarri hura eragin zuen herri harresiaren 4. urteurrenaren harira egitarau interesgarria" prestatzen ari direla.

Donostiako herri harresia

2013ko apirilean ehunka lagunek desobedientziaz erantzun zioten zortzi pertsona hauen aurkako atxiloketa aginduari. Donostiako Boulevardean babestu zituzten 10 egunez, tentsioz beteriko azken hiru egunetan lo ere bertan eginez.