Presoaren berri emateko prentsaurrekoa egin dute Oiertxo SOS, Bagoaz, Etxerat eta Sarek Baionan. Manifestazioa antolatu dute maiatzaren 6an.
Preso gasteiztarrak Ewing sarkomaren metastasia du buruan eta pelbisean, eta artatzen duten medikuek esan dute sei hilabeteko bizi itxaropena duela. Urtarrilaren 10ean bidali zuten urgentziaz ospitalera, eta egun presondegiko eritegian dago. Prentsaurrekoan esan dute “presondegian eta bakarrik” hiltzeko arriskua duela, eta Frantziako Gobernuari galdetu diote ea Gomezen heriotzari aurre egiteko prest dauden.
Apirilaren 19an aztertuko dute zigor-etete eskaera. Berak mugitu ezin duenez, epailea eta prokuradorea joango dira ospitalera. Dena den, Gomezek hiru euro-agindu ditu bere gain, bi Espainiakoak eta bat Portugalgoa, eta zigor-etete eskaera onartzen badute ezingo da kartzelatik berehala atera. Aske geratzeko eskaera bat egin behar du presoak euro-agindu bakoitzeko.
Egoerari erantzuna emateko Elkartasun Eguna antolatu dute apirilaren 22an Gasteizen; mahai inguruak, bazkaria eta mobilizazioak izango dira. Maiatzaren 6an,Gasteizen ere bai, manifestazio nazionala antolatu dute preso gaixoak aske utz ditzaten aldarrikatzeko.