argia.eus
INPRIMATU
Oier Gomez preso eriari zigorra etengo dioten ala ez astelehenean erabakiko dute
  • Parisko Pitie-Salpetriere ospitaleko (Gasteiztik 900 km-ra) espetxe zerbitzuan dago Oier Gomez, eta mugitu ezin denez, zigorra etengo dioten ala ez erabakitzeko auzi saioa ospitalean egin dute ostegunean. Erabakia astelehenera atzeratu da.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko apirilaren 19a
Asteartean Bilbon egindako elkarretaratzea. (Arg.: Hala bedi)

Larri gaixo dago preso gasteiztarra, Ewingen sarkomaren metastasia du buruan eta aldakan, eta sendagileek sei hilabeteko bizi itxaropena eman diote. Horregatik eskatu du bere abokatu Clara Rougetek zigorra etetea, eta gaur aztertuko dute kasua.

Zigorra eteten badiote ere ez litzateke berehala aterako kalera, hiru euroagindu baititu Gomezek bere kontra. Hori gertatuz gero eta kalera atera ahal izateko, Gomezek euroaginduen ondoriozko espetxeratzea indargabetzeko eskaera egin beharko luke Frantziako Apelazio Auzitegiko instrukzio epaitegian. Berria-k jaso duenez, Gomezen defentsak iragarri du segituan aurkeztuko luketela eskaera hori.

Presoaren kaleratzea eskatzeko mobilizazio ugari egin dituzte orain arte, eta datozen egunetarako gehiago antolatu dituzte. Astearte goizean kontzentrazioa egin dute Bilbon dagoen Frantziako kontsulatuaren aurrean Sarek deituta, eta idatzi bat helarazi diote kontsulari. Gaur, asteazkena, beste elkarretaratze bat egingo dute Baionako suprefeturaren aurrean, 18:30ean. Larunbatean elkartasun eguna antolatu du Oiertxo SOS plataformak Gasteizen, eta han bertan manifestazioa egingo dute maiatzaren 6an.