Hezkuntza Departamentuak Oibarko ikastetxe publikoan D eredua ezarriko dutela iragarri du. Hilabeteetako protesten ondoren, euskarazko lerroa ezartzea lortu dute.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta zortzi familiak euskarazko irakaskuntza lerro bat irekitzeko eskaera egin zuten irailean, eta astelehenean, Hezkuntza Departamentuak iragarri du Oibarko Gabriel Valentin Casamayor Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoan D eredua ezarriko duela. Hala ezartzen du Nafarroako egungo Eskola Maparen aldaketak.
Nafar Gobernuak haur eskola irekitzeari uko egiten ziola eta “oztopoak” jartzen zituela salatu zuten Oibarko herritarrek eta alkateari ere helarazi zioten kexa matrikulazio-aldia ireki aurreko egunean. Oibarko haur eskolan ez ezik Lehen Hezkuntzan ere euskarazko lerroa zabaltzeko eskaera erregistratu zuten herriko zortzi familiak.
Azkenik, hilabeteetako protesten ondoren, Oibarko ikastetxe publikoak D eredua izango du.