argia.eus
INPRIMATU
Oiartzungo Yakovlev 42 musika taldea zigortu nahi du Guardia Zibilak bere abestiengatik
  • Astelehenean Donostiako Instrukzio Epaitegian deklaratu beharko dute taldeko kideek. "Adierazpen askatasunaren eta askatasun kulturalaren aurkako erasoa" dela salatu dute.

Axier Lopez @axierL 2024ko maiatzaren 03a
Maiatzaren 6an epaitegian deklaratu beharko dute taldekideek. Argazkia: Yakovlev 42

Oarsoaldeko Hitzak jaso duenez, Yakovlev 42 taldeko sei kide eta kide ohik astelehenean epaitegietan ikertu gisa deklaratu beharko dute, “gorrotozko delitua” egotzita. Salaketaren oinarrian, Espainiako Guardia Zibilaren txosten bat dago. Abestien letrek “poliziaren, militarren, erlijioaren, enpresarien eta Espainiaren aurkako diskurtso intolerantea" erabiltzen dutela eta indarkeria “etengabe goraipatzen” dutela diote. Kasuak bide judizialean aurrera jarraituko balu, fiskalak urtebete eta lau urte arteko kartzela zigorrak eska litzake.

Taldearekin elkartasunez, astelehen goizean Oarsoaldeko, Donostialdeko eta Buruntzako kontseilu sozialistek elkarretaratzera deitu dute Donostiako epaitegien parean, 11:00etan. Arratsaldean beste elkarretaratzea izango da 18:30ean, Oiartzungo Done Eztebe plazan, "Adierazpen askatasunaren aurkako erasorik ez" lelopean. Oiartzungo Udaleko EH Bildu eta EAJren babesa ere jaso dute musikariek.

Taldeari egindako elkarrizketa argitaratu du Sare Antifaxistak eta bertan taldekideek diote Guardia Zibilaren txostenean gorroto gehiago igartzen dela, haien abestien hitzetan. Izan ere, haien aurkako salaketarik ez da izan; Polizia izan baita zuzenean haien aurka egin duena. Askatasunaren eta berdintasunaren alde egiten duen taldea direla azpimarratu dute eta horiek defendatzea aniztasuna defendatzea dela adierazi dute. "Guardia Zibilaren txostenean aipatzen dituzte poliziak, militarrak, erlijioa, enpresariak eta Espainia faxismoak etengabe erabiltzen ditu guri kontrakoa inposatzeko: beldurra, pentsamendu bakarra, jokabide bakarra… Beraz, kolektibo horien aurka egitea ezin bestekoa dela uste dugu, askatasunaren eta berdintasunaren borrokan".

Kasuaren harira, Adierazpen askatasuna abestia kaleratu berri du taldeak.