Sorginkerian dugu independentzia lelopean egingo dute Ernaik eta Aitzinak aurtengo udaberriko ekimena. "Euskal Herriko txoko guztietako borroken topagune" bilakatuko dute hiru egunez Oiartzun.
Bosgarren urtez jarraian antolatuko dute Ernaik eta Aitzinak elkarlanean udaberriko ekimena. Aurten Oiartzunen egingo dute hiru eguneko topagunea, martxoaren 30etik apirilaren 1era, eta antolakundeek jakinarazi dutenez Oiartzungo kaleak sorginkeriaz betetzeko gogoz datoz.
"Eskaintza kultural eta politiko mamitsua" prestatu dute hiru egunetarako: besteak beste hitzaldiak, mahai-inguruak, antzerkiak, tailerrak eta kontzertuak eskainiko dituzte. Baita Gazte Bazkaria eta "eguzkiari agur esateko" Akelarre berezia ere. Argitaratu berri duten webgunean emango dute egitarau osoaren berri datozen egunetan.
Burujabetzaren aldeko hiru su
Azken urteotan egin bezala, aurtengo Gazte Akelarrean ere burujabetzaren aldeko hiru su piztuko dituzte Ernaik eta Aitzinak: elikaduran, zaintzan eta eskaintza kulturalean arreta jarriko dute, hain zuzen. "Hiru horiek berebiziko garrantzia eta pisua daukate, izan ere, burujabetzaren aldeko bidean praktika burujabeen aldeko apustua egiten dugu bi antolakundeok". Gazte Akelarrera joateko deia egin diete Euskal Herriko gazteei: "Oiartzungo kaleak sorginkeriaz astintzera goaz; gazteok Oiartzunera!".
Albiste hau Topatu.eus-ek argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta