argia.eus
INPRIMATU
Oiartzunen baso bati su eman diotela salatu du Eguzkik
  • Talde ekologistak azaldu duenez, gutxienez 12 hektareako eremua erre du suteak, gehiena Ergoien auzoan txaradietatik zetorren baso naturala. Nahita eraginda izan den zantzuak daudela dio, eta neurriak eskatu ditu egileak identifikatu eta berriz ere halakorik gerta ez dadin.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 22a
Mendi publikoan zegoen txaradia erre da sutearen ondorioz (arg.: Eguzki)

Oiartzungo Ergoiengo estazio megalitikoan beste baso bati su eman diotela salatu du Eguzki talde ekologistak. Bere esanetan nahita eragindako sutea izan da, apirilaren 3an. 12 hektarea baso erre da, gehiena mendi publikoan zeuden txaradiak, eta Iruarrita eta Urkullu inguruetan hazten ari zen "baso naturalaren eta bertan bizi zen fauna eta floraren desagerpena ekarri du, lurzoruaren gehiago pobretzeaz eta galtzeaz gain".

Eguzkik Oiartzungo Udalari, Gipuzkoako Aldundiari eta Ingurumen fiskaltzari eskatu die "egoera larri honen aurrean" esku hartzeko –azkeneko biei dagokie ikerketa abiaraztea– egileak identifikatu eta "inpunitatea eteteko". Izan ere, bere esanetan "zantzuak" daude sutea "abeltzaintzaren interesekin" lotuta egoteko. 

Zentzu horretan, Oiartzungo Udalari eskatu dio helarazi ditzala mendi publikoetan abereak erregistratuta dituztenen datuak eta, era berean, "urtero herri mendietako abeltzaintza pribatuaren kudeaketarako inbertitzen dituen 30.000 euroen berrikuspena" egin dezala. Bere ustetan, gutxienez neurri berean gastatu beharko litzateke baso eta erreka publikoetako bioaniztasunaren berreskurapenean".