Igandetik aurrera poliziak legez kanpo dauden 2.000 migratzaile familia atxilotuko zituela iragarri zuen AEBetako presidenteak. Migratzaile asko etxean ezkutatu da edo elizetan bilatu du babesa. Hainbat mugimendu herritarrek eta inplikatutako hirietako alkateek migratzaileak babesteko ekimenak abiarazi dituzte. Trumpen adierazpenek hautsak harrotu badituzte ere, Obamarekin pertsona gehiago izan ziren herrialdetik kanporatuak.
Trumpek paperik gabeko migratzaileen atxiloketa masiboak iragarri zituen igandetik aurrera. The New York Times egunkariak egunotan zabaldutako informazioaren arabera Inmigrazio eta Aduana Indarra (ICE) izeneko poliziak etxez etxe 2.000 migratzaile familia atxilotzeko asmoa du AEBetako hiri handienetan: Chicagon, Los Angelesen, New Yorken edo Miamin, besteak beste. “Jendea modu ilegalean etortzen da gure herrialdera, eta guk modu legalean kanporatzen ditugu”, adierazi zuen Trumpek ostiralean. Hainbat komunikabidek jaso dutenaren arabera, orain arte ez da poliziaren ohiz kanpoko jarduerarik atzeman zentzu horretan.
Ohiko atxiloketak, ohiz kanpoko trataera mediatikoa
Iragarritako kopuruak ez dira ohiz kanpokoak. Iaz Trumpen administrazioak 250.000 pertsona kanporatu zituen herrialdetik, egunero 20.000 baino gehiago. Egunero 12.000 atxiloketa egiten direla kalkulatzen da. Egunotako berritasuna ez dago, hortaz, kopuruetan, presidenteak gaiaz egiten duen erabilera mediatikoan baizik.
Atxiloketen iragarpenak asaldura handia sortu du. Migratzaile askoren artean izua hedatu da, bereziki seinalatutako hirietan bizi direnen artean. Igandean, migratzaile gehien dituzten auzoetako kaleak ohi baino hutsago zeuden, elizatera jo dute askok aterpe bila, edo aurreko egunetan erosketa handiak egin eta etxeetan ezkutatu dira.
Hainbat mugimendu herritarrek migratzaileen babeserako ekimenak abiatu dituzte. Hiri batzuetan kale-patruilak antolatu dituzte poliziaren presentziaz auzokideak ohartarazteko, edo poliziaren aurrean izan beharreko jokabideez eta euren eskubideez informazioa zabaldu dute. Jopuntuan dauden hirietako alkate gehienak ere, alderdi demokratakoak, Trumpek iragarritako neurrien aurka azaldu dira. Telefono zenbakiak jarri dituzte herritarren zerbitzura, informatzeko aukera izan dezaten.
Trump, emakume biltzarkide arrazializatuen aurka
Egunotan, Mexikoko mugaren inguruko migratzaileentzako atxiloketa zentroetako baldintzak ere izan dira notizia. Hainbat elkartek eta komunikabidek presoak baldintza oso eskasetan bizi direla salatu dute, masifikazioan eta adingabeen bizi-baldintzetan azpimarra eginez.
Eremu politikotik ere heldu dira salaketak. Alderdi demokratako lau emakume biltzarkide nabarmendu dira arlo horretan: Alexandria Ocasio-Cortez, Rashida Tlaib, Ihlan Omar eta Ayanna Pressley.
Trumpek gogor egin du haien aurka twitter bidez. "Zeinen interesgarria emakume biltzarkide ‘aurrerakoiak’ entzutea. Hondamendi hutsa diren gobernuak dituzten herrialdeetatik datoz. Munduko okerrenak, ustelenak eta ezgaienak (funtzionatu ere ez dute egiten). Eta ahoz gora eta mespretxuz zuzentzen zatzaizkie AEBei, lurreko nazio handi eta boteretsuenari, gobernua nola eraman esateko”, idatzi du, besteren artean. Omar salbu, umetan Somaliatik heldu zena, beste hirurak AEBetan jaiotakoak dira.
Kanporatze gehien, Obamarekin
Migratzaileen aurkako adierazpenak bere jardunaren ikur nagusietako bat bilakatu ditu Trumpek. Praktikan, AEBetako administrazioak aurretik zerabilen praktikari jarraipena ematea da egin duena. Kanporatzeek behera ere egin dute, Barack Obamaren agintaldiekin alderatuta. Iaz 250.000 pertsona kanporatu zituen AEBetako gobernuak. Obamak 400.000 pertsona inguruan ezarri zuen batez bestekoa.