Ohe beroan edo hotzean egiten da hobeto lo? Nik zalantzarik ez daukat: hotzean. Landare jaioberriek bero punttu bat nahiago dute, ordea. Udaberriko ekinozio garai hau aproposa da udako eta udazkeneko mokadu goxoak emango dizkiguten landareen haziak ereiteko.
Hazitegian edo mintegian haziak ereiteko ohea egin behar da. Aziendari barruetan azpiak egiten zaizkion bezala, haziei ohea egin behar zaie. Gure ohe eta inaurkinak, etzauntzak dira, hazienak ez, hazienak hazkuntzak dira.
Haziak badaki ernatu eta landare berriari bide eman behar diola. Eguna luzatuta dago eta lurra epeltzen hasita. Hazitegietan hori areagotu egiten da: argi artifizialarekin osatzen da egun argia eta jaiotzeko duen ohea berotu egiten da. Udaberria bat-batean etorri balitzaio bezala. Indarrez eta gogo biziz sortuko ditu lehenik sustraia, ondo errotzeko, eta gero txortena, lehen hostoak zabaldu eta janaria sortzen hasteko. Hortik atzera berjabe izango da; ordura arte haziaren zati handiena den energia erreserba xahutuz biziko da. Horixe dira haziak, landare berri bat emango duen muina eta hari eusteko energia erreserba. Badakigu, haziak jaten baditugu, baba (Vicia fava), babarruna (Phaseolus vulgaris), hurra (Corylus avellana), intxaurra (Juglans regia) eta abar, energia asko gureganatzen dugu, erreserbak pilatuko ditugu txitxietako gantzetan.
Hazitokian hazia hozitzeko ereindako lurra azpitik berotu egiten da, ohe beroa esaten zaio. Berotze hori gaur egun elektrizitatearekin egiten da, baina lehengo erari eusten dionik ere bada: ereiketa ontzian lurraren azpian simaur berri-berria jarri. Simaurraren lehen hartzidurak (mikroorganismoek egiten duten hartzidura aerobioa, oxigenoarekin) beroa askatu eta gaineko lurra epelduko du, hazia arrapiztuz.
Behorketaren edo behorkundearen simaurra da beroena. Azkar ekiten dio hartzitzeari eta tenperatua altuak harrapatzen ditu, baita 70ºC ere. Gaitasun horrek bide asko ireki dizkio behor-simaurrari. Hazitegietako ohea bezala txanpinoia (Agaricus bisporus) ekoizteko inaurkinaren zati handi bat behor-simaurra da.
Patata berria goiz, oso goiz jaso nahi duenak ere badaki: ohea egin behar dio. Patata jarri nahi dugun sailean lurra kendu, bazterrean utzi eta 20-25 zentimetro simaur berri jarri, behorrarena bezala behikundearena edo ardi-jendearena ere ona da. Simaurraren gainean 15 bat zentimetro lur zabaldu, eta hortxe landatu edo erein patata. Aurrez erne eta ernamuinean badago hobe. Ziztu batean etorriko da, eta zarba loratzen denean lurpean tuberkulu politak dituela esaten ari zaigu, lehen patata goxoak, azal eta guzti jan beharreko gutizia.
Ohe beroa baita hozberak diren landareei ere egiten zaie. Landatu berritan, eta toki berrira, hotzera, ohitu eta sustraije sendoa osatu arte negua izotzek erre gabe igaro dezaten, inguruan, lur gainean, simaur berria jartzen zaie; horrek sustraiak babestuko ditu, bero-bero, eta berotasun horrek hostoak eta adarrak ere bilduko ditu.
Hori egin behar zaie boladan baino boladagoan izan eta oraintxe landatzen ari diren garrazkiei, ahuakateondoei (Persea americana) eta mangondoei (Mangifera indica) lehen 2-3 urteetan behinik.