argia.eus
INPRIMATU
“Ogia, lana eta etxebizitza” eskatu dute ehunka mila pertsonak Madrilen
  • Larunbatean Espainiako hiriburuan ehunka mila pertsona atera ziren kalera, Duintasunaren aldeko martxa deiturikoan.

Ane Lusarreta 2014ko martxoaren 24a
Ehunka mila pertsona Madrilgo kaleetan Duintasunaren aldeko martxan. (Arg: Público)

“Zor ez-legitimoa ordaintzeari ez”, “lan eta aberastasunen banaketa duina”, “murrizketa gehiago ez”, “troikako gobernuen dimisioa” eta “ogia, lana eta etxebizitza guztiontzat” izan dira defendatutako kontsignak.

Ez dago argi zenbat jende bildu zen manifestazioan. Iturrien arabera datu oso ezberdinak kaleratu dituzte hedabideek, 36.000 pertsonatik hasi eta 2,5 milioiraino: Antolatzaileek bi milioi eta erdi manifestari batu zirela baieztatu dute. Polizia Nazionalak 36.000 izan zirela adierazi zion EFE agentziari larunbat gauean, eta El Pais egunkariak 50.000 pertsona kontatu zituen.

La Vanguardiak 350.000 pertsona izan zirela publikatu zuen igandean, eta El Mundok 40.000. Hipotekak Afektatutakoen Plataformak 1.180.120 lagun bildu zirela esan du.

Diego Cañamero Andaluziako Langileen Sindikatuko bozeramailearen esanetan Aita Santua Madrilera joandakoan Colon plazan milioi bat pertsona bildu zirela esan zuen Espainiako Gobernuak, eta larunbatean plaza “are beteago” egonik, 50.000 pertsona zenbatu ditu.

Datuak gora behera, “manifestazio historikotzat” jo dute hainbat aditu eta erakundek.

Astelehenerako mugimendu sozial eta sindikalek asanblada deitu dute, martxaren balorazioa egin eta “datozen borroken egutegia” antolatzeko. Greba orokorraren ideia ez dutela baztertzen adierazi dute gainera.

Bestalde, Guardia Zibilak 14 probintziatan Madrilera bidean zihoazen 100 autobus inguru erretenitu izana salatu dute antolatzaileek.

Istiluen itzala

Martxen Koordinakundeak adierazi du “probokatuak” izan zirela manifestazioaren osteko istiluak. Goizean goizetik “guztiz baketsua” izan zen mobilizazioa “era horretan” amaitzea Gobernuari interesatzen zitzaiola esan du Koordinakundeak.

Manifestazioaz kanpoko bi edo hiru kaputxadunek PPko egoitza babesten ari ziren polizien ondoan petardoak botatzean hasi zela karga baieztatu dute.

Poliziak orduan Colon plazara jo zuela adierazi dute antolatzaileek, eta mobilizazioaren  amaierako ekitaldia geldiarazi eta manifestariak bi taldetan banatu zituztela salatu dute.

Informazio gehiago

Axier Lopezek Duintasunaren Martxan izandako istiluak iruditan erakutsi ditu.

Público egunkarian  hedabide desberdinetan emandako trataera aztertu dute.

Kaosenlared-en atxilotuekin elkartasunean astelehenean egindako elkarretaratzearen berri eman dute.