argia.eus
INPRIMATU
Ogia %14, tipulak %258 eta hipotekak 3.600 euro gehiago: prezioen garestitzeak zeini eragingo dio gehien?
  • Oinarrizko elikagaiak %15,4 garestitu dira urtebetean Espainiako Estatuan eta Kontsumo Prezioen Indizea %5,9ra igo da berriz ere. Prezioen gorakada horrek kezka eragin du eta Espainiako Gobernuak ekoizle eta saltzaile handiekin bilatu nahi ditu irtenbideak. Aitzitik, orain arte ez dira ados jarri.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko otsailaren 20a
Luis Planas Espainiako Elikadura ministroaren agerraldia (argazkia: Espainiako Gobernua)

Datua duela gutxi eman da argitara: %15,4 igo dira oinarrizko elikagaiak urtebetean, eta askoz gehiago ere bai. Esaterako, ogia %14 igo da, baina esnea %26, arrautzak %27, olioa %30 eta tipulak %238. Igoera handi horren aurrean kezka nagusitu da, iaz izandako inflazioaren gorakada egonkortze bidean zegoen, baina azpiko inflazioak piztu ditu alarmak oraingoan –jadanik %7,5ean dago–, eguneroko erosketa saskia neurtzen duena hain zuzen. Ondorioz, KPIa ere goraka hasi da pixkanaka eta jadanik %5,9an jarri da.

Datu horiek eskuan, Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako ministro Luis Planas elikagaien sektoreko Espainiako Estatuko erraldoiekin eta Elikadura Katearen Behategiarekin bildu da astelehen honetan, banatzaileak, ekoizleak eta saltzaileak, haiekin adosteko irtenbideak. Aitzitik, azkeneko aldiz halako bilera bat egin zutenean, ez zuten lortu ezer garbirik ateratzea.

Oraingoz behintzat, ez dago Llanasen buruan oinarrizko elikagaiei muga bat jartzeko aukera, energiarekin egin bezala, edo erosketa saskiaren kostua %14,4rekin bonifikatzea, Unidas Podemosek proposatu duen gisan.

Lehen sektoreko eta elikadura kateko erraldoiak krisi energetikoaren kostuak herritarrengan zamatzen ari dira, eta herritarrak berak dira igoera horren ondorioak jasaten ari direnak. Gainera, Europako Banku Zentralak interes-tasak igotzeak hipotekak ere garestitu ditu, Euriborra %3,6an dago, eta ELA sindikatuak emandako datuaren arabera hipoteka aldakorra urtean 3.600 eurotik gora garestitzea aurreikusten da.

Hortaz, euren soldataren zati handiena oinarrizko elikagai horiek eta alokairua edo hipoteka ordaintzera bideratu behar dutenak are gehiago pobretuko ditu prezioen igoera honek, beste behin ere.