argia.eus
INPRIMATU
Ogasun publikotik 1,5 milioi euro gehiago Senda Vivara, urtero galerak dituen arren
  • 2004an Argedaseko aisialdirako natur parkea sortu zenetik, 86 milioi euroko diru laguntza publikoak jaso behar izan ditu bizirauteko, eta ekainean egoerak okerrera egin zuen sutearen ondorioz.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura 2022ko azaroaren 04a
Argazkia: Senda Viva

Nafarroako Legebiltzarrak ostegun honetan baimendu dio Sodenari aisialdi parkera mailegu bidez 1,5 milioi euro gehiago bidera dezan iragan ekainean izandako suteagatik. Kontzeptu beragatik aurretik ere 1,7 milioi euro eskaini zizkion. Nafarroako Erriberarentzako “funtsezkoa” dela argudiatuta onartu da proposamena osoko bilkuran, PSN, Geroa Bai eta Navarra Sumaren aldeko bozkekin. EH Bildu eta Ahal Dugu aurka agertu dira.

Senda Viva 2004an sortu zen UPNko Miguel Sanzen gobernuaren agindupean, eta harrez gero beti izan da defizitarioa. Hemezortzi urteren ondoren, balantzea orekatua izateko hasieran kalkulatu ziren 257.000 bisitariak ez ditu inoiz gainditu. Dagoeneko jaso dituen 86 milioi euroko diru laguntza publikoek saihestu dute parkearen itxiera eta, oraingoan, ekainean izandako sutea da kantitate horri beste 1,5 milioi gehitzeko aitzakia.

Gogoratu beharra dago sorreran makroproiektu hori publiko-pribatua zela eta talde kudeatzaileak Parquenasa izena hartu zuela. Hau da, Sodena enpresa publikoak soilik Parquenasaren kapitalaren %45 jarri zuen, gainerako %55 Sanzol eraikuntza enpresa, Caixabank eta Diario de Navarra-ren La Información talde editorialaren eskuetan zegoen. Gaur egun, Sodena da kudeatzaile bakarra. Hala ere, 2023an Sodenatik NICDOra –aisialdiaz eta kirol jarduerez arduratzen den Nafarroako enpresa publikoa– pasatuko da parkearen kudeaketa. Mikel Irujo Garapen eta Industria kontseilariak jakinarazi duenez, 2023an aztertuko da Senda Vivaren etorkizunaz.

Horregatik guztiarengatik, Mikel Buil Podemoseko bozeramaileak uste du onartutako mailegu berria “beste erreskate” bat dela. Ildo beretik, EH Bilduko Adolfo Araizek Senda Viva proeiktua “agortuta” dagoela adierazi du.

Dena den, diru laguntza hau ez da azkenekoa izango, PSNko Ainhoa Unzu bozeramailearen hitzetan: “Bost milioi eurotik gorako inbertsioa beharko litzateke 2022 eta 2024 urte bitartean". Navarra Sumako Juan Luis Sánchez de Munianen iritziz, berreraikitzea “Nafarroarentzako ona izango litzateke” eta Geroa Baiko Mikel Asiainek gehitu du “Erriberako fluxu ekonomikoa mantentzeko ezinbestekoa dela Senda Viva berreraikitzea”, aurtengo ekainaren 18ko suteari erreferentzia eginez.

Egun horretan, 2.500 pertsona eta 800 animali inguru irtenarazi behar izan zituzten. Azken hauetatik %2 suak hartuta hil zen, parkearen datuen arabera, bizi baldintza zalantzagarrien inguruan betidanik egon izan den polemika hauspotuz, batez ere espezie batzuentzako lehor eta beroegia den klimari dagokionez.