Orain dela egun batzuk Aitor Montes Lasarte jaunaren idatzi bat irakurri nuen, euskal osasun arloa euskalduntzen etengabeko lana egin duen medikuarena, eta horregatik hark jarri duen izenburua hartu dut hemen agertuko ditudan hausnarketak egiteko.
Neure burua legitimatuta ikusten dut azalpen hauek egiteko, izan ere 1980ko hamarkadaren bukaeran Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea-ren (OEE) fundatzaileetako bat izan bainintzen, lehen legeztatze hartan eta lehendabiziko estatutu haiek prestatzen. Ondoren, elkartearen zuzendaritza organoek estatutu haiek aldatu zituztelakoan nago.
Ikastoletan ikasitako mediku egoiliarren lehen belaunaldi hark eman zion hauspoa elkarteari. Gurutzetako Ospitaleko zuzendaritzan entzuten hasi nintzen egoiliar euskaldun talde bat hasia zela saio klinikoak euskaraz egiten. Era berean, Arantzazuko Amaren Ospitalean mediku batzuek testu labur batzuk euskaraz idatzi ere egin zituzten, ondoan itzulpena jarrita, Donostiako Arantzazu Ospitaleko historia klinikoren batean.
Aitorrek ongi dioenez, ez da egon urte hauetan guztietan elkarteko kide kopuruan gorakada nabarmenik, eta ez da izan aldarrikatzeko ekimenik administrazioaren, sindikatuen, alderdi politikoen aurrean, ezer edo gutxi egin baitute, herritar euskaldunei osasun asistentzia euskaraz ematea bermatzeko
Elkartearen helburua –batzuen gogoan, horien artean neu– jardun horiei sostengua ematea zen eta administrazioari eta politikariei exijitzea euskararen erabilera normalizatzen joan zedila osasun arloan. Batzuk ez geunden ados beste fundatzaile batzuen zuhurtasun edo “militantziarekin”, nahiago baitzuten amore eman, eta soilik jardun euskara teknikoa sakontzen, hura ikasteko ikastaroak antolatzen, euskarazko jardunaldi zientifikoak bultzatzen, eta abar. Orduan aitzakia zen ez zegoela behar beste mediku elebidun. Hogeita hamar urte geroago, OEEko kide esanguratsuek argudio hori bera ematen dute aitzakia gisa, herritar euskaldunei zuzendutako txostenak idazten ez hasteko.
Aitorrek ongi dioenez, ez da egon urte hauetan guztietan elkarteko kide kopuruan gorakada nabarmenik, eta ez da izan aldarrikatzeko ekimenik administrazioaren, sindikatuen, alderdi politikoen aurrean, ezer edo gutxi egin baitute, herritar euskaldunei osasun asistentzia euskaraz ematea bermatzeko; eta euskarak berreskura dezan herrialde bakoitzean hizkuntza normalizatu guztiek osasun arloan duten lekua.
Kanpotik begiratuta, gaur ez bainaiz OEEko kide, ikusirik zer-nolako emaitza eskasak lortu diren hogeita hamar urte hauetan, badirudi egoera honetatik irteteko aldaketa bat behar litzatekeela, izan ere ez baitago era honetako erakunde batek behar lukeen elementu proaktiborik, eta horixe da, hain zuzen ere, osasun arloan euskararen etorkizuneko erabilerak behar duena.