Osasunbideako Aho-hortzen Osasun burua da Esther Sainz; prebentzioaren garrantzia nabarmendu eta arreta publikoan dituzten mugez mintzo da.
Aho-hortzen osasun sistema publikoan dagoen eskaintza azaldu digu Esther Sainz medikuak. Osasunbideako Aho-hortzen Osasun burua da, eta Nafarroako Gobernuak kudeatzen dituen egitasmoen artean Padi zerbitzuaren garrantzia nabarmendu du: “Prebentzioa oso garrantzitsua da; haurrek txikitatik ikasten badute, helduak direnean aho-hortz osasun arazo gutxiago izanen dituztelako”.
Nafarroan 1991. urtean abiatu zen Padi egitasmoa, eta 6 eta 15 urte bitarteko haurrei eta gazteei zuzenduta dago. Helburua da prebentzio neurriak hartzea eta kontzientziazioa lantzea. “Garrantzitsuena da txikitatik osasun ohiturak erakustea eta prebentzio neurriak hartzea; modu horretan hortzak zaintzearen garrantzia barneratzen dutelako”, azaldu du Sainzek. Horretarako, nabarmendu du garrantzitsua dela hortzak ongi garbitzea eta elikadura ona izatea: “Gozoak neurrian jan behar dira, eta ostean haginak garbitu; gainera, garrantzitsua da otorduen artean ez jatea”.
Prebentzioaz gain, adin tarte horretan eskaintzen den zerbitzuaren gehiengoa doakoa da; hortaz, osasun sistema publikoan sartzen dira, besteak beste, aldizkako berrikuspenak, aho-hortzen larrialdietako arreta, txantxarrak tratamendua –esne-hortzak ez direnean– eta aho garbiketak. “Ortodontziekin eta esne-hortzak kontserbatzeko tratamenduekin zerikusia duen arreta izan ezik dena doakoa da”, esan du.
Haurrentzako zerbitzu publikoaz gain, 16 urtetik gorako gazte eta helduentzat bestelako neurriak daude; hala ere, Sainzek aipatu du “oso pribatizatuta” dagoela, eta “oso gauza gutxi” direla doakoak: “Soilik sartzen dira berrikuspenak, muki-mintz lesioak eta hortzak kentzeko ebakuntzak”.
Gainerako arreta, klinika pribatuetan eskaintzen da: “Odontologia bereziki pribatua denez interesen araberako gatazkak sortzen dira”. Gaineratu du aurrekontua “urria” dela, eta “ezinezkoa” dela eskaintza guztiari aurre egin eta sistema pribatuarekin lehiatzea.
Horrekin batera, nabarmendu du “baliabide urriek” itxaron zerrendan eragina dutela: “Ohiko gauzak egiteko itxaron zerrenda astebetekoa da, baina ebakuntzak egiteko izugarri luzea da”. Ohiko kontuetarako hamabost minutu dituzte erabiltzaile bakoitzarekin, eta esan du zerbitzu on bat eskaintzeko “nahikoa” dela. Ebakuntzak egiteko ordu bat baino gehiago behar dute: “Lan egiteko beste erritmo bat denez, itxaron zerrendan eragina dauka”. Hala ere, adierazi du orokorrean zerbitzua “ona” dela.