argia.eus
INPRIMATU
Odol emateen errutina bueltan da
  • 2022. urtean 27.000 odol emate jaso zituzten Adonan. Aurten bide beretik joan arren, gazteetan indarra jarri nahi dute.

Olaia L. Garaialde 2023ko irailaren 15

Urte osoan odola emateko aukera egon arren, udan kopurua jaitsi egiten dela azaldu du Cristina Del Castillok, Adona Nafarroako Odol Emaileen elkarteko erizain nagusiak. Hala ere, ebakuntza eta tratamendu gutxiago egiten dituztenez, odol gutxiago kontsumitzen dute: “Jendea gehiago mugitzen da, herriko bestetan ibiltzen dira eta errutinatik ateratzen dira, baina ikasturte hasierarekin errutinara itzultzen ari dira”. Kontuak kontu, pozik dira iazko emaitza antzekoak lortzen ari direlako.

2022.urtean 27.000 odol emate jaso, eta horietatik, 23.700 inguru onartu zituzten. Horrez gain, odol emateen %12 emaile berriak izan ziren. Odol emate kopurua “ona” izateaz gain, orain arteko odol emaileen konpromiso “handia” dela nabarmendu du Del Castillok, baina belaunaldi aldaketan indarra jarri behar dutela uste du: “Gaur egungo gazteek, gehiago mugitzen direnez, garrantzitsuena da edonon daudelarik odola emateko ohitura hartzea”. Gaineratu du odol mota guztiak garrantzitsuak direla: “Batzuek garrantzia kentzen diote A+ direlako eta esaten dutelako mundu guztiak duela, baina egunero gehien gastatzen duguna da”. Horregatik, herritarrei odola ematera dei egin die. Odol mota guztiak ongi etorriak diren arren, batzuetan, mota bat edo beste jasotzeko premia handiagoa dute. Hala, irailaren 13an, sare sozialen bidez zabaldu zuten B+ eta B- odol motak eta hezur-muin emateak jasotzeko premia dutela.

Aferesi bidezko odol ematea

Hilekoa duten pertsonek urtean hirutan eman dezakete odola, eta hilekoa ez dutenek urtean lautan. Halere, hilabetean behin ere egin daiteke, aferesi bidezko odol ematearen bidez. Teknika horrekin makinen bidez odola atera, osagaiak bereizi, beharrezkoak direnak hartu, eta gainerakoak odola emaileari bueltatzen zaizkio. Hobeto ulertzeko adibide bat eman du Del Castillok: “Demagun plaketak behar ditugula. Odol emate arrunt batekin plaketa bat sortzeko bost odol emate behar ditugu; aferesiren bidez, aldiz, bakarra”. Adonaren helburua da odol emaileen %20 aferisi bidezkoa izatea; horri esker, hala nola gaixotasun autoimmuneak edota koagulazio nahasmenduak dituzten pertsonentzako tratamenduak egiten dituztelako.