argia.eus
INPRIMATU
Odol emateak gora egin du Nafarroan
  • 2021ean 24.830 odol emate egin zituzten Nafarroan, aurreko urtean baino %7,5 gehiago. Odol Emailearen Egunean, herritarren erantzunarekin pozik agertu dira Nafarroako Odol Bankua eta Odol Emaileen Elkartea.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 14a

Odola ematea elkartasun ekintza dela gogoratu dute elkarteek: “Egunero bizitzak salbatzea lortzeko odola ematen duten pertsonei beren ahalegina eta konstantzia eskertu nahi diegu, aurten inoiz baino gehiago”.

13.640 herritarrek hartu zuten parte: zehazki, 21.933 odol emate, 2.897 aferesi emate eta norbere buruarentzat gordetzeko 6 odol emate erregistratu ziren. Nafarroa izan da pertsona bakoitzeko batez beste odol emate gehien egin dituen erkidegoa, Espainiako Estatuan.

2021ean, 1.833 lagunek lehen aldiz eman zuten odola. Gehienek 18 eta 29 urte artean zituzten eta erdia baino gehixeago emakumeak ziren.

Adona Odol Emaileen Elkarteak 300.820 euro jasoko ditu aurten Nafarroako Osasun Departamendutik, odol ematea sustatzeko. Helburua da 22.000 odol emate eta gutxienez 3.500 aferesi emate bermatzea. Hezur-muina emateari dagokionez, 525 hezur-muin lortzea da erronka.