argia.eus
INPRIMATU
Odol analisi batek detektatu dezake zein gaixok duten COVID-19a larri pasatzeko arrisku handia
  • Journal of Clinical Immunology aldizkarian argitaratu da ikerketa eta honen arabera, COVID-19arekin ZIUn sartu dituzten gaixoetako askok sistema immunitarioko interferon proteinaren aurkako antigorputzak dituzte. Horregatik, proteina honen aurkako antigorputzak detektatzeko odol analisia egiteak aukera emango luke aurreikusteko erietxera joandakoen artean nortzuk duten arriskurik handiena larri gaixotzeko eta honek hobetu dezake gaixo hauen pronostikoa eta tratamendua.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2021eko apirilaren 20a

Birus batek zelulak kutsatzen dituenean, zelula hauetako batzuek interferona proteinak sortzen dituzte, beste zelulei seinalea pasatzeko, babestu daitezen. Baina dirudienez, SARS-CoV-2 koronabirusak baditu hainbat mekanismo gutxitzen dutenak iterferonaren ekoizpena eta ondorioz, birusa oharkabean pasatu daiteke eta orduan ez luke defentsa sisteman erantzunik sortuko. Interferonaren kontrako antigorputzak detektatuko balira ospitalera iritsi orduko, bereizi ahal izango lirateke zein gaixok duten arriskua erreakzio immunitario handia jasateko eta UZIn sartzeko.

Ikerketa hau elkarlanean burutu dute Katalunian dagoen IDIBELL Ikerketa Biomedikuko Institutuko Gaixotasun Neurometabolikoetako taldeak, honen buru Aurora Pujol izanik, eta Madrilgo Infanta Eleonor Ospital Unibertsitarioko Barne Medikuntza sailak, zeina zuzentzen duen Jesús Troyak. Kataluniako telebista publikoak zabaldu du albistea.

Ikerketa honek erakutsi du Madrilgo ospital unibertsitarioan ingresatutako gaixoen %10ak dituztela autoantigorputzak interferonaren aurka. Ikerketak lotura hau berretsi du baina baita ere larritasuna beste biomarkadore batzuekin lotu du, adibidez, sistema immunitarioko zeluletako linfozitoen jaitsiera edo C-erreaktiboa deitzen zaion proteinaren igoera. Horregatik, Aurora Pujol genetistak azaldu du "emaitza hauek azpimarratzen dutela interferonaren aurkako antigorputz hauek aurreikuspenerako duten balioa".

Genetikak badu bere zerikusia interferonen ekoizpenean

Aurora Pujolek parte hartu duen lehenagoko beste ikerketa batzuek jada adierazten zuten proteina zehatz batek, 1 motako interferonak, lotura zuela COVIDaren forma larrienekin. Ikusi dute interferonarekin lotutako alterazio genetikoek azaltzen dituztela kasu larri hauetako asko, eta zergatik gertatzen diren baita gazte jende edo adin ertainekoen artean ere.

Gaixoei interferona ematea eta ospitaleratuei testa egitea proposatu dute

Jesús Troya doktoreak proposatu du lehen egunetan interferona ematea eraginkorra izan daitekeela: "Ez dugu ikusi interferonak hobetu duenik gaixoen pronostikorik, baina hau izan daiteke ikertu den taldea jada gaixotasuna oso garatuta zutenena zelako. Proposatzen dugu ikertu behar dela hau lehen egunetan ematea interferonaren kontrako antigorputzak dituzten gaixoei, bere eraginkortasuna determinatzeko".

Pujol doktoreak adierazi du odola ateratzea nahikoa dela interferonaren aurkako antigorputzak detektatzeko, eta proba erraza dela, 24 orduan jakiten dela emaitza: "Test hauek egiteak erabat aldatuko luke positibo diren pertsonen kudeaketa, hauek interferona hartu beharko lukete beren interferona indartzeko, zeinak ez duen funtzionatzen neutralizatu egiten dutelako bere gorputzak sortzen dituen autoantigorputzek".