argia.eus
INPRIMATU
Tohono O'Odham herria protestan erdibituta utziko dituen Trumpen harresiaren aurka
  • O'Odham herri indigena AEB eta Mexiko estatuen menpe bizi da. Desertua nagusi den beren lurraldea bi estatutan banatuta ikustea gutxi ez, urteetan hegoaldetik iparraldera doazen migratzaileen pasabide arriskutsua, Donald Trump egiten ari den murruak nabarmen erdibituko du. Azken asteetan protestak antolatzen ari dira, eta astelehenean istiluak izan dituzte poliziarekin.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2020ko irailaren 23a

AEBetako Arizona estatuan, Tohono O’odham herriaren defendatzaileek harresiaren eraikuntza blokeatu nahi lukete. Organ Pipe parke nazionala zatitzen eta hondatzen ari direla gogor salatu dute herritarrek. "Guk ez genuen muga zeharkatu, mugak zeharkatu gintuen gu", dio herritar batek Avispa Midia hedabideko erreportaje honetan.

"Mugak = Genozidioa, Harresirik ez O'Odham Herrian" gisako pankartak zabaldu dituzte, Democracy Now hedabidearen albistean irakur daitekeenez. Mugaz arduratzen diren poliziak eta Parke Nazionaleko poliziak agertu eta hainbat orduko ekinaldiaren ostean, protesta dispertsatu dute.

Tohono O'Odham hitzek "Desertuko jendea" esan nahi dute beren hizkuntzan eta espainiar konkistatzaileek jarritako "Papago" hitza gaitzesten dute beren burua izendatzeko. Ingelesezko wikipedian irakur daitekeenez, O'odham hizkuntza hizkuntza uto-aztekarra da eta 9.750 hiztun zituela kalkulatu zuten 2000. urtean. Egoera hori izan arren, AEBetako 10 hizkuntza indigena indartsuenen artean zegoen, eta Arizonako estatuan Apatxera eta Navajoarekin batera hiru hizkuntza indigenetako bat da.

Azpiko bideoan herri honi buruzko informazio gehiago aurki daiteke gaztelaniaz eta ingelesez.

Harresia: Erdibitutako nazioa dokumentala ingelesez.