argia.eus
INPRIMATU
BBK Livek bisitarien oinarrizko hainbat eskubide urratzen ditu eta salaketa ipini diote
  • OCU kontsumitzaileen Elkarteak hiru arrazoi zehaztu ditu, horien artean kanpoko janaria eta edaria Kobetamendiko esparruan sartzeko debekua, eta eskudirutan edo banku-txartelaren bitartez ordaintzeko ezintasuna. Facuak aurreko urtean egindako salaketan zehazturiko arazoak errepikatzen dira aurten ere. LASek jaialdiko lan-baldintza "miserableak" salatu ditu.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko uztailaren 12a
Bilboko BBK Live musika jaialdia Kobetamendiko esparruan egin ohi da. Argazkia: Visit Biscay

OCUk –Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundea– salaketa jarri dio BBK Live musika jaialdiaren enpresa antolatzaile Last Tour-i bisitarien kontsumo eskubideak ez betetzeagatik. Erakundeak prentsa-ohar baten bitartez zehaztu ditu enpresa antolatzaileak edizio honetan egindako irregulartasunak. OCUk gogorarazi du kanpaina bat egiten ari dela, “erabiltzaileei beren eskubideak gogorarazteko, antolatzaileei araudia betetzea eskatzeko eta administrazioei kontrol eta zigor gehiago eskatzeko”. Aurtengo edizioan, kanpaina horretan OCUk zehaztutako hiru arazo bistaratu dira: kanpoko janari eta edariekin sartzeko debekua, eskudiruz ordaintzeko ezintasunak eta programan aldaketak egongo balira dirua ez itzultzea.

Last Tour enpresak aurten ere kanpoko janarien eta edarien debekua errepikatu du. OCUk zehaztu du “debeku guztiz neurrigabea” dela eta jaialdiaren barruko kontsumoen prezioak “gehiegizkoak” direla. Arazo hau aurreko urtean ere errepikatu zen Facua kontsumitzaile elkarteak jarritako salaketan. Facuaren esanetan, jaialdiaren “jarduera nagusia ez da ostalaritza, baizik eta musika-ikuskizun bat garatzea”.

OCUk eta Facuak azken bi urteetan jarritako salaketetan, cashless formula errepikatzen da, jaialdi barruko ordainketak eskumuturreko baten bitartez egitea, eta eskudirutan edo banku-txartelaren bitartez ordaintzeko ezintasuna. OCUk “legez kanpoko” formulatzat hartu du eta salatu gastatu gabeko dirua berreskuratzeko erabiltzaileek komisio bat ordaindu behar dutela, eta hamabost eguneko epean egin ezean, enpresarentzat izango dela gastatu gabeko dirua.

OCUren salaketaren azken puntua sarrerak ez itzultzea izan da, jaialdiaren programazioa arrazoi klimatologikoengatik aldatzen bada. Erakundearen arabera, arrazoi horiek “neurri batean aurreikusgarriak” dira, eta adierazi dute enpresa antolatzaileak “ondorio negatiboak eta kalteak arintzeko” neurri egokiak hartu beharko lituzkeela.

Enpresa salatzaileak eskatu du hiru praktika horien “legezkotasunik eza baloratzea” eta “legerian ezarritako zehapenak ezartzea”, hurrengo edizioetan errepika ez dadin berriro. Justiziak arrazoia ematekotan, OCUk zehaztu du jaialdiak itzuli egin beharko lituzkeela “gehiegizkotzat” jo diren diru-kopuruak.  

Kontsumoen prezioan eta eskudirua arbuiatzean, arau-hausteak

Facuak aurreko urtean egindako salaketan, erreferentzia egin zion 10/2015 abenduaren 23ko Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legearen 51. artikuluari, non “arau-hauste oso larriak” kontsideratzen diren, esaterako, “onarpen-eskubidea arbitrarioki diskriminazioz edo gehiegikeriaz erabiltzea”.  Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren 47. artikulua ere aipatu zuten, zeinak “arau-hauste” kontsideratzen duen “eskudirutan ordaintzeari uko-egitea, zerga-araudiak eta iruzur fiskalaren aurkako prebentzio eta borrokakoak ezarritako mugen barruan ordaintzeko bide gisa”.

Lan-baldintzak, aurten ere jomugan

Laneko Autodefentsa Sareak (LAS) protesta egin du EITBren San Mameseko egoitzaren aurrean uztailaren 11n, jaialdia hasi den egun berean, Gedarrek jaso duenez. Bertan, jaialdia arbuiatu dute eta soldatapean lan egiten duten langileen lan-baldintza “miserableak” salatu dituzte. LASeko kideek azpimarratu dute Last Tour-ek antolatutako jaialdiko langileek “hamabi ordutik gorako lanaldiak, atseden falta eta ordutegien etengabeko aldaketak” izaten dituztela.

Manifestariek azpimarratu dute “Bilboko Udalak, beste instituzioekin batera, 1,5 milioi eurorekin baino gehiagorekin finantzatu” duela musika jaialdia. Last Tour enpresaren jardunari buruzko ikuspuntua ere nabarmendu dute LASeko kideek. "Bilboren hiri-eredu berria eta Bilboko Udalaren irudia sustatzearen truke, urteak dira Last Tourrek dirulaguntza handiak jasotzen dituela", adierazi dute. Politikari profesionalak eta erakundeak "enpresarien irabaziak handitzeko eta bermatzeko tresnak” direla nabarmendu dute.

Ez da lehen aldia BBK Live jaialdiko lan-baldintzak salatzen dituztena. 2019an, LAB sindikatuak eta Eraginek –Bilboko Gazte Prekarizatuen Asanblada– musika jaialdiko langileen baldintzei buruz informatu zuten. LABek zehaztu zuen Kobetamendin egiten den jaialdiaren langileek “4 euro edo gutxiagoko soldatak” kobratzen zituztela, “12 ordutik gorako lanaldiengatik”. Eragin Bilbok “3,5 euro orduko” kobratzen zituztela zehaztu zuen, “15 ordu arte” irauten zuten lanaldiengatik.