argia.eus
INPRIMATU
PKKri borroka armatua amaitzeko eskatu dio Öçalan buruzagi kurduak
  • Urteak iragan dira bere azken argazkia ikusi zenetik. 26 urte daramatza preso Abdullah Öçalanek Turkiako Imrali uhartean, "erakunde terroristako" buruzagitza egotzita. Ostegun eguerdian bere bideo bat ez, baina argazki berri bat zabaltzeko baimena eman du Turkiako Gobernuak. Bertan, PPK-ko buruzagi kurdua ikus daiteke DEM alderdi ezkertiarreko zazpi goi kargudunekin, honek esku artean adierazpen bat duela. Turkiako CNNk zabaldu duen Öçalanen adierazpenean, honek eskatu dio PKKri bere burua disolba dezan.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2025eko otsailaren 27a
Abdullah Öçalan argazkiaren erdikoa da, eskuetan papera duena.

DEM alderdiak Istanbuleko hotel batean PKKren sortzaileetako Abdullah Öçalanen adierazpena irakurri du. Asteazkenean iragarrinzenetik, ikusmina handia izan da eta Ipar Kurdistango herri askotan pantaila handiak jarri dituzte. DEMek jakinarazi du bere delegazio bat Imrali espetxean izan dela ostegunean hirugarren aldiz eta Öçalanen adierazpen bat irakurri dute. Aldarriaren egiazkotasuna bermatzeko, argazki bat ere publiko egin dute, non ikus daitezkeen DEM alderdiko ordezkaritza eta lau preso politiko kurdu, horien artean Abdullah Öçalan, erdigunean, adierazpen bat irakurtzen ariko balitz bezala.

"Indarrez desagerraraztea lortu ez duten edozein komunitate edo alderdi modernok egin ohi duen bezala, kongresua deitu eta hartu zuen erabakiak: talde guztiek armak albo batera utzi behar dituzte eta PKK-k bere burua disolbatu behar du", esan du Öçalanek ostegunean publiko egin den adierazpenaren amaieran. 

"Gizarte demokratiko baten beharra eztabaidaezina da. PKK-k, [Turkiako] Errepublikako insurgentzia eta mugimendu armatu handi eta luzeenak, oinarri soziala eta babesa aurkitu zituen batez ere politika demokratikoaren bideak itxita zeudelako", adierazi du. Egoera hori aldatu dela eta armak uzteko baldintzak badaudela dio buruzagi historikoak.

Kurdistango Rudaw agentziak nabarmendu duenez, azken hilabeteetan DEM alderdia Ankara eta PKKren artean bake elkarrizketak bultzatzen saiatu da. Turkiako agintariei adierazi zieten Öçalanek gaur publiko egin duen mezua eta Turkiako AKP alderditik erantzun zioten "erakunde terrorista horrek bere burua disolbatu behar duela eta armak entregatu" behar zituela. Eskuin muturreko alderdiko buruak urrian Öçalan gonbidatu zuen Turkiako Legebiltzarrean parte hartzera eta taldearen disoluzioa aldarrikatzera.

Öçalanek eta Turkiako Gobernuak joan den urte amaieran abiatu zituzten bake negoziazioak eta Turkiako eskuin muturreko alderdiko buru Devlet Bahcelik eman zuen horren berri zenbait eskaintza egitearekin batera.

“Bahceli jaunak eginiko gonbidapenak, presidente jaunak [Erdoganek] eginikoak, eta beste alderdien aldetik jasotako erantzun positiboek sortu dute giro hori, zeinaren testuinguruan nik gaur eskatzen dudan armak jaisteko eta eskaera honen ardura historikoa nire gain hartzen dut", adierazi du Öçalanek.

Erdoganek DEM behar du

Jarrera aldaketa hau etorri da Erdoganek DEM behar duenean, konstituzioan erreforma bat egiteko, La Vanguardiak gogorarazi duenez. DEMek bere aldetik presio egiten jarraitzen du Turkiako Gobernuak errespeta ditzan kurduen eskubideak. Kurduak Turkiako herritarren %20 dira.