argia.eus
INPRIMATU
Obrint Pasen Euskal Herriko azken kontzertua Hatortxurock jaialdian
  • Egitarau oparoa aurkeztu dute Hatortxurock jaialdiaren 16.ediziorako. 12 musika talde igoko dira oholtzara abenduaren 28an Atarrabian ospatuko den ekimenean. Antolatzaileek sarreren prezioa jaitsi izana azpimarratu dute, aurrez 15 euroan eta bertan 18an egongo baitira eskuragarri.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko urriaren 23a
Hatortxurock jaialdiaren 16.edizioko afixa

Edizio honetan 12 taldek joko dutela kontuan hartuta, arratsaldeko 16:00etan irekiko dira ateak; eta 16:30etan hasiko da lehen kontzertua. Willis Drummond, Soziedad Alkoholika, Kaotiko, Governors, Ze Esatek, Flitter, Obrint Pas, El Trono de Judas, Glaukoma, Non Servium, Skakeitan eta La Raiz  taldeek osatzen dute kartela.

Hatortxurocken oharrean El Trono de Judas talde iruñearra ikusteko azken aukera izanen dela ohartarazten da, 17 urteren ostean agur esatea erabaki baitute. Horrez gain, Obrint Pas talde valentziarrak Euskal Herrian eskainiko duen azken kontzertua izanen da epe zehaztugabean taldea desegingo dela iragarri baitute. Bestalde, azpimarratzekoa da, 2006tik jo gabe zegoen Flitter taldearen itzulera.

Urtero legez, euskal presoei elkartasuna adierazteko asmoz prestatu dute jaialdia Iruñerrian. Antolatzaileen hitzetan jaialdiaren helburua euskal presoei "modu ankerrean aplikatzen zaien sakabanaketa politika behin betiko" amaitzea da. Bide batez, sakabanaketak presoen senide eta lagunei eragiten dien sufrimendua salatu nahi dute.

Egun bakarrean egingo da 16. edizioa eta azken urteetan bezala, Atarrabia eta Burlata arteko Entrecementerios deritzon eremuan kokatuko da karpa erraldoia. Taldeek txandaka joko dute karpako bi muturretan egonen diren bi eszenatokitan.

Laster iragarriko da noiz ipiniko diren sarrerak eskuragarri eta salmenta puntuen berri emanen da.