AEBen gidaritzapean, bihar abia daiteke Siriako Gobernuaren aurkako operazio militarra, NBC telebista kateak jakinarazi duenez. Barack Obama presidenteak argi berdea eman zain daude soldaduak.
Erasoa itsasontzi eta urpekariek egingo lukete Mediterraneo itsasotik eta gehienez hiru egun iraungo lituzke, hedabideek zabaldu dutenez.
Atzo genioen moduan, litekeena da AEBek eta operazio militarra babestu duten gainerako herrialdeek Nazio Batuen Erakundearen (NBE) babesik gabe eraso egitea Siriari. Bashar Al-Assaden gobernuak herritarren kontra arma kimikoak erabili izana demostratzen duen frogarik oraindik ez dagoela ohartarazi du NBEk.
AEBentzat, ordea, argi dago Siriako Gobernuak arma kimikoak erabili dituela eta erantzun irmoa ematea beharrezkoa dela esan du.
Erasotzeko baimena, Martin Luther King-en omenezko ekitaldian?
AEBetako armada Obamak erasotzeko agindua eman zain dago. Hainbat hedabidek zabaldu duenez, presidenteak gaur eman dezake esku hartze militarra abiatzeko baimena, Martin Luther King afroamerikarren eskubide zibilen aldeko ekintzailearen omenezko ekitaldi batean.
Hain justu, gaur bete dira 50 urte Luther King-ek I have a dream (Amets bat daukat) hitzaldia eman zuenetik. Hitzaldi hura gogoan, hainbat ekitaldi egingo da gaur AEBetan. Horietako batean izango da Obama, AEBetako lehendabiziko presidente afroamerikarra. Haren interbentzioak espektazio handia sortu du, ez hainbeste beltzen eskubideen inguruan esango dituenengatik, Al-Assaden aurkako esku-hartze militarraz esan ditzakeenengatik baizik. Ikusteke dago erasotzeko agindua eskubide zibilen aldeko ekitaldi batean ematea erabakiko duen ala ez.
'I have a dream'
Afroamerikarren eskubideen alde Washingtonen egindako manifestazio historikoa amaitzean eman zuen Luther King-ek aipatu hitzaldia. 1929ko urtarrilaren 15ean jaio zen Atlantan, eta 1964an Bakearen Nobel Saria jaso zuen. 1968an hil zuten.
James Earl Ray preso ohia kondenatu zuten hilketagatik. Teoria batzuen arabera AEBetako Gobernuak agindu zuen Luther King hiltzea, baina ez dago horren frogarik.