argia.eus
INPRIMATU
Obamak 3.000 militar bidaliko ditu Mendebaldeko Afrikara ebolari aurre egiteko
  • Militarrek 100 oheko 17 tratamendu-zentro martxan jartzen lagunduko dute eta sei hilabetez prestakuntza emango diete bertako osasun langileei. AEBetako Defentsa Sailak 500 milioi dolar inbertituko ditu operazioan.

Judith Perez @judyjudd 2014ko irailaren 16a
Monroviako Elwa ospitaleko langilea (argazkia: AFP Photo / Dominique Faget)

400.000 familiarentzako larrialdietarako oinarrizko ekipamendua eta 25 oheko ospitale mugikorra ere bidaliko dituzte. Operazio-basea Liberiako Monrovian ezarriko dute, eta handik koordinatuko dituzte lan guztiak.

AEBetako presidenteak ebola izurritea "segurtasun nazionalerako mehatxutzat" jo du, baina kritika zorrotzak jaso ditu aditu eta osasun erakundeen partetik, birusa geldiarazteko ahalegin nahikorik ez egiteagatik.

AEBek 175 milioi dolar bideratu dituzte ebolari aurre egiteko. Operazio honetan 500 inbertituko dituzte eta Obamak beste 88 onartzea eskatu dio Kongresuari.

Etxe Zuriko iturriek nazioarteko agentziei jakinarazi diete Obamak asteartean emango duela operazioaren berri, Atlantako Gaixotasunen Kontrol eta Prebentzio Zentroari egindako bisitan.

Ebolak 2.400 pertsona hil ditu jada, eta Munduko Osasun Erakundearen arabera 4.784 kasu inguru daude. Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak urgentziazko bilera egingo du ostegunean.