"Extra, extra!" hementxe duzu entzungai "Oasiko Kronikak", ARGIAko lankideek konfinamendu aroan sortu duten umorezko irratsaio edo podcast-a. Bakoitzak bere etxetik grabatu edota editatutako dosiekin, Euskal Herri osoarentzat opari. Lehen saio honek, Zaldibarkoaz eta koronabirusaz geroztik herritarrek duten kezka nagusia du izenburu: "Nola dago Iñigito?". Oasiko Kronikak Telegram kanala ere martxan da, dosirik galdu nahi ez dutenentzat.
Hemen entzun dezakegu "Oasiko Kronikak" irratsaioaren lehen atala: "Nola dago Iñigito?". Lehen emankizunak atal hauek ditu:
- Albisteak
- Teoren abenturak eta kalentura
- Aita ernegatuak
- Erantzungailua: Nor izango da koronabirusaren hurrengo biktima?
- Ruperren kantu hautatua
ARGIAko erredaktoreez gain, luxuzko fitxaketek osatzen dute "Oasiko kronikak" saioa egingo duen taldea. Guztiok Teo moduan ezagutzen dugun eta giro komunaletan Aimar Uribesalgo deitzen dioten buzo laranjadun klase ertaindarra da kolaborazio berezi horietako bat: Teoren abenturak eta kalentura atalari ekin dio, munduaren bukaeraren errelato soziologikoa erretransmitituz. Eta bere ahotsak aurkezpenik behar ez duen Ruper Ordorika kantautorea da beste fitxaketa distiratsua: saio bakoitza berak gomendatutako kantarekin bukatuko da.
Porra beltza edo heriometroa abiatu du "Oasiko kronikak" saioak. Esan nor izango den, zure ustez, koronobirusaren hurrengo biktima. Grabatu mugikorrez zure erantzuna eta bidali mezua: 669 36 29 82 zenbakira Telegram edo WhatsApp bidez edo beranduegi@argia.eus helbidera e-postaz.
Mezua euskaraz izatea ezinbestekoa da. Bidali, baita ere, grazia egin dizuten euskarazko audioak eta gai proposamen edo ideiak. Konfinamendua luzerako izango dela dirudi eta auzolanak salbatuko gaitu.
Oasiko Kronikak Telegram taldera gehitzen bagara, entzungai jarri orduko jasoko dugu saioa. Jende tristea ez onartzeko dago konfiguratuta taldea.