Nobedadea izan ohi da Durangoko Azokari lotzen zaion hitz entzunenetako bat. Nobedadea han, eta nobedadea hemen. Zenbaitetan, ordea, lehengokoari beste itxura ematea aski izaten da etiketa hori itsasteko. Talentu berriztagarriz birmasterizatutako CDek eta berrargitalpenek badute plaza, nonbait.
Zaila da nabarmentzea produktuak jaio orduko hiltzen diren garaiotan. Gainerako esparruetan lez, musikaren industrian ere gero eta korapilatsuagoa da entzulearen interesa nola lortu asmatzea. Nire arreta Izukari taldeak bereganatu du aurten; ez bideoklip zirikatzailerik argitaratu dutelako, ezta janzkera deigarria dutelako ere, baizik eta Ikari lehena diskoa ez dagoelako Spotify eta Youtube plataformetan eskuragarri.
Nola deitu ahal zaio diskoetxe monopolizatzaileengandik ihesi abiatu, eta piztia are basatiagoaren atzaparretan erortzeari?
Joseba Baleztena eta Mikel Larratxe musikariek, Sexty Sexers-en elkarrekin ibilitakoek, oso hausnarketa mamitsuak eman dituzte gaiaren inguruan. Arantxa Iturbe eta Nekane Peñagarikanoren Arratsean saioan izan ziren diskoa aurkezten, eta biek ala biek zalantzan jarri dute zenbaterainoko kaltea edo mesedea egin lezakeen Spotifyn presentzia izateak. “Hor egoteak bermatzen al du lekurik munduan?”, dio Baleztenak. Era berean, musikariek gogoetara bultzatzen dituzte bai musikaria bai entzulea, “zer nolako entzuleak sortzen ari gara?” galdeginda.
Hortaz, nola deitu ahal zaio diskoetxe monopolizatzaileengandik ihesi abiatu, eta piztia are basatiagoaren atzaparretan erortzeari? Erantzun modura, Ez dut nahi ustelik, jada ez dut usterik, urtetan ez nuen uste nik, geronen kontrola, geronen kaiola geronek sortuko genuenik abestu dute Odei Barrosok eta Benizzek Ahotsenean, Badok atariaren hamabosgarren urteurrenaren karietara.
Pozgarria izanagatik, ez dirudi kandelei indartsuegi putz egiteko arrazoi handiegirik dagoenik, oraindik ere Badok ez baita euskal musika entzuteko lehen aukera. Eskaintza ezagatik, bederen, ez da izango; izan ere, bertan topa ditzakezu 1.502 talde edo musikari, 2.896 bideoklip, 4.672 disko, eta 38.705 abesti. Ea, berriz: hogeita hemezortzi mila zazpiehun eta bost. Baita taldeen inguruko albiste, elkarrizketa edota musika-zerrendak.ere. Joxean Artzek aurreratu zigun gisan, zer nahi, eta hura eman.
Entzuleok, badon eta badok, beraz, hautabidea. Bidea hautatzea soilik falta zaigu.
Aritz Peñagarikano