Kutixik jaialdia
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean, Donostian.
Noiz: Urriaren 26an.
---------------------------------------------
Donostialdean sortutako musika ekimena da Balio Dute, autogestioa zimendu eta lan-tresna gisa hartuta, "musikariak prekario, bakarti eta txiki nahi dituen industria musikalari kolektiboki aurre egitea eta musika taldeei inposatu nahi zaien ibilbidetik kanpo alternatibak eskaintzea" dute helburu. Elkar-laguntzan ainguratuta, askotariko jardunetan dihardu kolektiboak; autoekoizpenetik diskoak argitaratzen ez ezik, jaialdiak, zuzenekoak eta hitzaldiak ere antolatzen dituzte. Horietako bat da, hain zuzen, Kutixik jaialdia, bi edizio arrakastatsuri jarraipena emanda hirugarren honetarako ere sarrera guztiak agortu dituena.
Aretoan pixkanaka jendea sartzen ari dela, etxeko berotasuna aipatuta ekin dio Neu Troia taldeak, behelainotan nola, giro malenkoniatsu eta barneraikoia sortzen. Betetzen ari da aretoa eta marmar sarkorra entzuten da atzealdetik, aldika mikrotik diotena entzutea oztopatzeraino. Presentzia eta patxada eskatzen duen musika da, eta haatik, arriskutsua izan daiteke zuzenekoaren proposamena. Arriskuaren Xarma, behelainotan sartzeko prest dagoenarentzat.
Ireki da berriz oihal beltza eta oholtzan da Mirua taldea, 2020an hasitako etaparen azken aurreko geltokian. Pop klasikoko melodia eta instrumentuen, indiaren eta elektronikaren nahasketa dakarte. Zuzenekoaren lehen zatian arazo teknikoek oztopatu dute musikariak eroso aritzea, eta erreparorik gabe partekatu dituzte sentsazioak publikoarekin. Ez zait musika gustatu, bai ordea haien jarrera; Egunak Uzten Ez Dienetan eszenatokian egotekoa.
Hirugarren taldea hasterako goraino dago aretoa. Bañolet filmaren soinu banda biltzen duen egitasmoa da Bloñ, berau sortzeko osatu zen taldea, eta bigarren kontzertu biran ari dira egun. Filmerako sortutako unibertsoa oholtzaratu dute, poetikoa eta berezia; sehaska kantu goxoetatik, metal girorainoko mugimenduen jolasa, intentsitate eta kolore asko bilduta. Eta jolas horrek utzi digu gaueko kutixiarik ederrena: oilo ipurdi eta begi umel aldra baten isiltasun izoztua, Maia Iribarneren eta Paxkal Irigoyen magiari beha, Eihera abestian zehar. Bukatu denean, isiltasuna hautsi du publikoan barne-barnetik ateratako oihu batek: “Uala!”. Deskubrimendu bati darraion hotzikara epelarekin bukatu dut zuzenekoa. Ixkinetatik sartzen da, xiloetatik / gorputzean zehar badoa, zainetatik.
Tatxers hirukoteak eman dio gauari segida. Himnoei, melodiei, bateriari eta ezpatei, guztiei distira aterata, zuzeneko bikaina eskaini dute. Hotzikara epela izerdi bihurtu zait orain. Eskaini digute, beste behin, oasi bat hiri erdian.
Jaialdiko azken kutixia Mice izan da. Baretasunean sendo, izarrarteko bidaian. Baina gauak aurrera egin duela nabaritzen da giroan eta marmarra azaldu da berriro. Isiltasuna eskatzeko oihuak ere atera dira dantzan ari ginenon artetik. Eta egon da marmarraz gaindi musikariei zer jo eta zer ez esatera heldu denik ere. Gizon ahots horien aurrean jarri diren feministei eskerrak emanez bukatu da zuzenekoa.
Laurent Garnier eta David Brun-Lambertez oroitu naiz etxera bueltan. Electroshock lanean diote dantza-pista bat ez dela inoiz ere leku neutroa; oroz gain, askatasun eta transgresio-eremua dela, beste inon ez bezala, belaunaldi berri bakoitzak aurre egin beharreko erronkak biltzen dituena. Gure erronketako bat hiri erdian kutixiez oasiak eratzea eta horiek zaintzea izango da agian; eta oasiak ere okupatzera ohituta dagoen gizontasuna bertatik ateratzea.