argia.eus
INPRIMATU
Oak ez du lau hilabete espetxe zigorra onartu eta auzipetua izango da
  • Oier Oa donostiarrak ez du onartu Baionako prokuradore Jenome Bourrier-ek egindako lau hilabeteko espetxe proposamena. Ondorioz, oraindik datarik ez duen beste epaiketa bat izango du eta orduan ebatziko da bere auzia.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 26a
Oa epaitegiaren aurrean. Argazkia: @Mikel_irastorza)

Euskal preso politiko ohia da Oier Oa eta Frantzian lau urteko espetxe zigorra bete ondoren kanporatu zuten 2015ean, Frantziako Estatura bizi osorako sartzeko debekuarekin. Oa, dena den, Larresoron bizi izan da ondoren, eta azaroa bukaeran atxilotu zuten Baionara bidean lanera zihoala. Bernat Etxepare Lizeoen ari da irakasle gisa. Handik hiru egunera utzi zuten aske, azaroaren 26an, gaurko epaitegiko hitzordua jarrita.

Kazeta.info-k jakinarazi duenez, goizean lizeoko 200 bat ikaslek lagundu dute epaitegira “Ez dugu ahazten, Oier gurekin” pankartaren atzean. Bake Bideak, Bakegileak, Harrera elkarteak eta EH Baik, besteak beste, sostengua adierazi diote gazteari. Oak Euskal Herrian bizitzeko eskubidea aldarrikatu du eta, hunkituta, esker ona adierazi die ikasleei, Mikel Irastorzak txiokatutako ondoko bideoetan ikus daitekeen gisan.