argia.eus
INPRIMATU
Unibertsitateko irakasleen prekarietatea
NUPek eta EHUk aldi baterako irakasle gehiago dituzte, legeak baimendutakoa baino
  • Legeak dio unibertsitateek kontratatutako irakasleen artean gehienez %40 izan daitekeela aldi baterakoa. Ordea, 2018-2019 ikasturtean Nafarroako Unibertsitateko Publikoko irakasleen %57,7 izan da aldi baterakoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleen %48,8. Unibertsitate Sistemaren Behatokiak eginiko lanak azaleratu ditu datu hauek eta gehiago.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 15

Unibertsitate Sistemaren Behatokiak ikerketa lan hau egin du: Irakasle elkartuak: Lan esperientzia edo prekarizazioa? Hemen irakur daiteke lana osorik, gazteleraz. Lan horretan, aldi baterako kontratatutako unibertsitate irakasleen artean, figura zehatz bati ematen dio garrantzia handia: irakasle elkartuei. Irakasle elkartuak, teorian, aldi baterako kontratatzen dituzte unibertsitateek, eta lan munduan esperientzia handia duten pertsona hauek ikasleei lan munduko jakintza eta esperientzia irakastea da kontratazio hauen helburua. Ordea, Unibertsitate Sistemaren Behatokiak egindako ikerketak agerian jarri du kontratu mota horren erabilera okerrak unibertsitateko irakasleen prekarizazioa sustatu duela. Nafarroa da Espainiako Estatuan irakasle elkartu gehien duen bigarren erkidegoa (bere irakasleen %41,4 da elkartua). EAE da, aldiz, Espainiako Estatuan irakasle elkartu gutxienetakoa dituen: %8,5.

Unibertsitateko irakasleen prekarizazioa

Aipatu bezala, lan hau irakasle elkartuen figuran zentratzen da, eta azaltzen du kontratatutako irakasle hauen adina askoz baxuagoa dela gainerako irakasleena baino, eta horrek erakusten duela figura hori ez dela erabiltzen ari esperientzia handiko jendea kontratatzeko, baizik, figura hau irakasle askorentzat bihurtu dela irakaskuntza munduan goiz eta prekarioki sartzeko modua.

Irakasle elkartuen kopuruan egon den gorakada azaltzeko, hainbat motibo ematen ditu ikerlan honek: krisi ekonomikoaren sorreratik muga jarri zitzaiela unibertsitateei irakasle berriak kontratatzeko, unibertsitate publikoei diru-sarrerak murriztu zizkietela, irakasle elkartuek kostu txikia dutela lanaldi osoko irakasle finkoekin alderatuta, eta irakasle elkartuak kontratatzeko ez dela azalpenik exigitzen.

Prekarietateak bere ordainak dakartza

Lan honek unibertsitateko irakasleen prekarietateak ekar ditzakeen ondorio hauek nabarmendu ditu: ikerketa jarduna murriztea, askatasun akademikoa ahultzea eta ikaskuntza prozesua okerragoa izatea.