argia.eus
INPRIMATU
Nunca Máisek Gorenera jo dezake Prestige auziaren zigorgabetasunaren aurrean
  • Prestige petrolio-ontziko hondamendiaz 11 urte igaro direnean itxi da auzia, errudunak salbuetsita. Coruñako lurralde auzitegiak eman du azken ebazpena eta erantzukizunik gabe utzi ditu ingurumenaren aurkako delituagatik akusatutako hiruak eta Espainiako Gobernua bera, kalteak ahalik eta txikienak izan zitezen egoera "zuzen" kudeatu zuela argudiatuta.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko azaroaren 14a
Nunca Máis plataformak haserrearekin hartu du Prestige auziaren inguruko ebazpena

Ebazpenak haserrea piztu du galiziar askoren artean. Nunca Máis plataforma auzitegiaren atarian bildu da eta bidegabetzat eta lotsagarritzat jo du epaia. BNG eta Nunca Máiseko kide Bieito Lobeirak “PPren interesei men egiten dien ebazpen politikoa” dela salatu du, eta “Espainian ingurumena suntsitzea doakoa dela”, azpimarratu du. 

Hori dela eta, Auzitegi Gorenari errekurtsoa aurkezteko aukera aztertzen ari direla gaineratu dute plataformako kideek. Pedro Trepat, Nunca Máis herri mugimenduko abokatuak epaia “sakontasunez aztertu” behar dutela eta aukerarik egonez gero helegitea jarriko dutela baieztatu du.

2002ko azaroaren 19an hondoratu zen Prestige ontzia, Galiziako kostaldean sei egunez nora ezean ibili eta erdibitu ostean. Garaiko Aznarren Gobernuak ontzia kostatik urruntzea agindu zuen eta fuel-olioz belztu zuen Portugaldik Frantziarainoko 1.700 kilometroko kostaldea.