argia.eus
INPRIMATU
Nuklearra energia garbitzat hartzea eskatu du Europako Legebiltzarrak
  • Legebiltzarrak astearte honetan, hilak 21, onartu du erabakia gehiengo handiz: 456 boto alde eta 153 kontra. Horren bidez, eskatu dio Europar Batzordeari prestatzen ari den Isuririk Gabeko Industriaren Europako Legean onar dezala energia nuklearra zero isuri duten energien artean.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko azaroaren 23a
Cattenom-eko zentral elektrikoa Frantziako Estatuan.

Lehendik ere Europako Legebiltzarrak onartua zuen nuklearra energia berde gisa, baina oraingo onarpenarekin lortu nahi du energia hori zero isurikoen artean sartzea, horrela prozesu industrialetako kudeaketa eta baimenetan prozesuak erraztu eta denbora aurrezteko. Hainbat arrazoirengatik, azken hamarkadetan energia nuklearrak zailtasun ugari izan ditu aurrera egiteko, eta modu honetan inbertsoreen inbertsioak areagotu nahi dira.

Ekoizten duen energiaren %40 energia berriztagarrietatik lortu nahi du Europako Batasunak 2030erako. Horretarako zero isuri gisako izendatu ditu hainbat teknologia, hala nola, energia fotovoltaikoa, eolikoa, baterietan oinarritutakoa, bero bonbak eta energia geotermikoa, biogasa eta biometanoa... eta orain energia nuklearra ere bai.

Orain Europako Legebiltzarrak, Europar Batzordeak eta Europar Kontseiluak legea adostu beharko dute. Lobbyen presioa handia izan da nuklearra berriztagarrien multzoan sartzeko bidean, Jenofa Berhokoirigoinen erreportaje honetan azaltzen den moduan.

Aurtengo apirilean egin zuen EBk Energia Kontseilua Stockholmen, Suediako hiriburuan. Hartan, Frantziak bultzatu zuen energia nuklearraren aldeko politikak erraztearen aldeko aliantza, eta Bulgaria, Kroazia, Hungaria, Finlandia, Herbehereak, Polonia, Txekiar Errepublika, Errumania, Eslovakia eta Esloveniak bat egin zuten harekin.

Alemania, Belgika, Portugal eta Espainia energia nuklearra sustatzearen aurka agertu ziren. Gaur egun EBko ondoko hamalau herrialdeotan ez da inongo energia nuklearrik sortzen: Danimarka, Estonia, Irlanda, Grezia, Kroazia, Italia, Txipre, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Malta, Austria, Polonia eta Portugal.

Uranioa garestiago

Nuklearrari bidea erraztu nahi zaion sasoi honetan ikusten da energia mota honek aurrera begira izango duen arazoetako bat: uranioaren garestitzea, egunotan azken hamabost urteotako garestiena izan da. Horrez gain, autore ugarik aipatu dute uranio ekoizpenak 2025ean joko duela bere sabaian, eta hortik aurrera ekoizpenak behera egingo duela eta garestitzen jarraituko duela. Beste batzuen esanetan hori gertatuko da 2020 eta 2050 artean. Edozein kasutan, ondoko grafikoan ikusten den gisa, EBk bultzatu nahi du energia nuklearra, baina ez du ia uraniorik ekoizten, eta beraz, beste herrialde batzuetako menpekotasuna ere bultzatzen ari da.