argia.eus
INPRIMATU
Poliziak Parisko kanpalekua hustu arren, mugimenduak esna darrai ‘martxoaren 42an’
  • Martxoaren 31ko greba nagusiaren ostean Parisen hasi eta Hexagonoko hainbat hiritara zabaldutako Nuit Debout kale okupazio mugimendua hamabigarren egunean sartu da ("martxoak 43" ditu gaur mugimenduko kideen kontabilitatean).

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2016ko apirilaren 11
Astelehen goizaldean CRSek eta Parisko udal zerbitzuek eraitsi duten arren République plazako kanpalekua, antolatzaileek hurrengo gauean jarraitzeko deia egin dute.

Hamaikagarrena bukatzean astelehen goizaldeko 06:00etan hasita, ziento bat CRS poliziak eraitsi duen arren Pariseko République plazan protestalariek antolatutako egitura eta ikur oro, datorren gauean berriro ekiteko deialdia egin dute.

Eskuinetik bezala ezkerretik –Parisko hautetsi sozialistetatik tartean– hasiak ziren entzuten poliziek République plazako jendeak sakabanatu zitzaten eskariak, batez ere larunbatetik iganderako gauean kalean zenbait liskar gertatuz geroztik.

François Fillon lehen ministro ohi eskuindarrak telebistan salatu zuen ezin zela ulertu Frantzia larrialdi egoeran egonik kaleko mobilizazio horiek baimentzea. Parisko alkate Anne Hidalgok astelehen goizalera arte zien emana baimena, antza denez.

"El Khomri legea" bertan behera uzteko eskaria

Myriam El Khomri ministroaren izena eraman arren zuzenean François Hollande presidenteak eta Manuel Valls lehen ministroak MEDEF patronalarekin hitzartutako lan erreforma bertan behera uztea eskatzen du Nuit Debout mugimenduak.

Paristik zabaldu da hiriburu askotara, eta batzuetan aspaldiko mobilizazio handienak kanpaina honekin ikusi dira: Okzitaniako Tolosan 20.000 lagun bildu ziren larunbateko manifestazioan eta hemen bezala beste hiri askotan ere plazetako okupazioek segitzen dute.

Hamaikagarren gaua gainditurik, ikasleak desmobilizatzeko Manuel Vallsek haien sindikatuei egindako eskaintza ekonomikoari muzin eginda, Nuit Debout mugimendua Europan prekariotzaren kontra antolatu diren mugimendu handienetakoa bilakatu da.