argia.eus
INPRIMATU
Nuit Debout eta sindikalistek elkarlanean asmatuko ote dute Maiatzaren 1aren bezperetan?
  • Frantziako estatuan apirilaren 28an eta maiatzaren 1ean egingo dira manifestazio nagusiak. Horien amaieran Parisko eta gainerako hiriburuetan lan erreformaren kontrako borrokek eman dutenaz eztabaidatzeko deia egin dute alde batetik Nuit Debout mugimenduko Parisko batzarrak eta bestetik sindikatu nagusietako hainbat ordezkarik.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2016ko apirilaren 27a
Nuit Debout mugimenduaren Parisko batzarra apirilaren 20an: ezkerreko pertsonalitateekin egindako elkarrizketa luzean mamitu zen sindikalistekin elkarlanean aitzina egiteko deialdia. (Argazkia: Fakir)

Deialdia apirilaren 20 gaueko batzarrean hasi zen egosten. Gau hartan Nuit Debouteko aktibista paristarrek orain arte egindako bidearen bilanaz gain aurrera begirako urratsak eztabaidatu zituzten, Frederic Lordon, Serge Halimi, Renaud Lambert eta ezkerreko beste zenbait pertsonalitate ezagunekin batera. Hortik atera zen deialdi bat izen bitxi honekin: “Nuit Debout eta sindikalistek ez diogu elkarri erreparatu behar mesfidantzaz, portzelanazko bi zakur bagina bezala”.

Nuit Debout hasi zenetik agerian geratu delarik batzuek eta besteek, nuitdeboutarrek eta sindikalistek hizkera ezberdinak darabiltzatela, fidakaitz begiratzen diotela elkarri… Parisko batzarretik proposatu zen maiatzaren 1aren inguruko mobilizazioen inguruan eztabaida lasai eta sakonago bati ekitea, horretarako aurreratuz manifestu bat: “Nuit Debout eta sindikatuek elkarturik, haiei beldurra sartu behar diegu”.

Sindikatuekiko izotza urtzeko lana Fakir astekariak eta François Ruffin “Merci Patron” filmaren egile kazetariak harturik, sindikatuek oso antzeko testu bat itzuli diete, “Egunez bezala gauez, zutik irabazteko” tituluarekin eta honela bukatuz: ”Elkar hartuta oligarkia beldurtu dezakegu, aginteari atzera egin arazi eta borroka irabazi dezakegu”.

Apirilaren 28an eta maiatzaren 1ean manifestazio handien ostean egingo diren batzarretako elkarrizketetan ikusiko da ea Frantziako ezkerraren azken asteotako mobilizazioetan jauzi koalitatiborik gertatu behar duen ala maiatzaren 1ean hasiko den Nuit Debout mobidaren gainbehera.