argia.eus
INPRIMATU
Nuit Debout Baionan: zer entzuten da plazan?
  • “Ideologia eta espresio ugaritako jendea gerturatu da, eta askotan isilik geratzen diren ahotsak entzun dira”, adierazi dute bertaratutakoek. Mugimenduaren helburua da mugimendu eta pertsona anitz horiek bat egitea, MediaBask kazetak jaso duenez.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko apirilaren 18a
200 pertsona inguru bildu dira Nuit Debout mugimenduko lehen batzarrean, Baionan. Argazkia: @nuitdebout_pb

Pierre anarkista da mobilizazioan parte hartu duenetako bat: “Zurrundutako zerbait esnatzen hasi dela ikusten ari gara. Zailtasunak edukiko ditugu hasieran, baina alarma piztu da herritarrengan, eta hori da garrantzitsuena”.

CGT sindikatuko kide batek salatu du Europar Batasunaren politikek bultzatzen duten enplegu prekarioa.

Ikasle batek Desobedientzia Zibila izan du hizpide, Henry David idazle eta filosofoaren hitzak hartuta: “Denek adieraziko bagenu zein den errespetatuko genukeen gobernua, pausu handia izango litzateke hori gauzatze bidean”.

Val langabezian dagoen hezitzailea da, eta espero du mugimenduak proposamen zehatzak marraztea: “Alternatibak garatu nahi ditugu, irakaskuntzan, finantza sisteman edota elikagai sisteman”.

Etorkizunean ikusiko da mugimenduak zein bide hartzen duen. Dena den, ezin uka Parisko Errepublika Plazan egositako aldaketa nahia hedatu dela Ipar Euskal Herriko karriketara ere.