... (bai nausia, argia da guroilarra kanpoan da!) Parisen bezala Frantziako hiri haundi batzuen plaza nagusietan biltzen hasiak dira herritarrak. Zutik gauaz, Nuit Debout deitzen dute beren egonaldia. Eta gauez gau badu ilabete iraganik plaza batzuk iluntze guziez tanpez beterik daudela.
Hiri nagusiko Errepublika plaza zabal hartan pasatu ginelarik gaueko hamekak ziren. Bazen jendea lodi, adin gordinekoa bezala gazte jendea. Zenbait mila entzule bazen zutik tinkatua plazaren eskualde batean musikarien entzuten ari zirenak, 70 musikan joiletako orkestra ari baitzen lorios eta ozen. Bestalderat ehunka lagun lerroka jarriak lauza hotzaren gainean, beste hainbeste zauzkatelarik zutik itzulian, aldizkatzen ziren hizlarien entzule. Hitza nahi duen bakotxak bere aldia igurikatu behar, altxaboz kakola hartarik nahi duenak bere mezua bota baitezake, gehienez hiru minuta dauzkala bihotzekoa edo gogokoaren ixurtzeko. Herritarrek dute hor haizu hitzaren hartzea. Infernua politikari eta pentsalari guzientzat, deabrutarat jaunak, jabeak eta nagusiak. Aika mutil, aizan neskatil, jeiki hadi! Argia nun den mira hadi!
Hitzak libro dira naski plaza zolan. Lekukotasunak, “zuhurki eta nekezia gorrian bizi gira, gerokoa are ilun eta beltzagoa heldu da”. Salatzea eta laidostatzea merke politika boterea eta diru indarra dutenen kontra. Konstituzione eta Legeak berak batzu besten mende atxikitzeko idatziak. Eta bozkaldiak ustezko demokraziaren zepo...
Gauaz zutik. Gauaren itxura dauka alafede hemen gaindiko giroak. Alde orotarik higatzen ari dira elkarrekilako esperantzak. Ea bada norainoko ikasketak eginen gure seme alabek, irabazi hoberena eskainiko dioten ofizioa eskura balezate! Bakotxa bereari ari da, berehalakoari ere. Menskeria iduriko du laster elkartasunaren amentsak.
Zutik gauaz. Itzalez itzal aitzinatzen ari da eskuin muturrekoen sarea, eta bada ordua lotarik atzartzeko. Etxetik atera, elgarretaratu, herriko plaza erdian zutik egon, mintzatu, hustu bihotz eta gogoak. Nehork ez daki noiz eta norat helduko diren gauetako solasaldi eta elgarretaratzeak. Piztu bezala itzal liteke. Edo piztuan piztu su har dezake. Aika mutil, aizan neskatil, argia da, gure oilarra kanpoan da!