argia.eus
INPRIMATU
Nuclenorrek Garoña geratzeko mehatxua egin du, Kongresuak ez dezan onartu zerga-sistema berria
Jon Torner Zabala @jtorner 2012ko abenduaren 07a
Zentral nuklearra ixtea eskatzeko manifestazio baten artxiboko irudia.

Energiaren sektoreko zerga-sistema berriaren lege-proiektuari hainbat zuzenketa egin dizkio PPk, eta haien artean dago Nuclenor haserretu duen zerga berri hori: Kongresuak datozen egunotan atzera botako ez balu, urtarrilaren 1etik aurrera zentralek diru gehiago ordaindu beharko dute hondakin nuklearra sortzeagatik. Garoñako zuzendaritzaren hitzetan, hala gertatuko balitz zentrala ez litzateke bideragarria izango. Horregatik jakinarazi du hilaren 16an behin betiko ixteko agindua eman dezakeela.

Abenduaren 16a, 2013ko urtarrilaren 1a, uztailaren 6a… Data horiek bolo-bolo dabiltza zentraleko zuzendaritzaren, Espainiako Gobernuaren eta auzi honetan paper garrantzitsua jokatzen ari den hirugarren protagonistaren –Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluaren– ahotan. Guztiak, ordea, urrunago begira daude: 2019ra, alegia. Guztiei gustatuko litzaieke 2019ra arte irekita mantentzea. Nuclenor enpresa osatzen duten Endesa eta Iberdrola konpainia elektrikoek diote zentralak “modu seguruan funtzionatzen jarraitzeko baldintza guztiak” betetzen dituela, baina ez dute zentralaren biziraupena 2019raino bermatuko lukeen luzapen eskaririk egin, ez baitakite ziur Gobernuak sektoreari zein baldintza ekonomiko jarriko dizkion.

Luzapen eskaririk ez du egin Nuclenorrek eta, gainera, Garoñak 2013ko uztailaren 6ra arteko baimena duen arren, zentrala hilaren 16an ixteko aukera dagoela esan du. Mehatxu horrek Gobernua mugiaraziko ote duen ikusteke dago. Nuclenorrek zentrala 2019ra arte ustiatzen jarraitzeko eskaririk ez dionez egin Espainiako Industria eta Energia Ministerioari, Espainiako Gobernuak ontzat eman du Garoña 2013an ixtea. Dena den, Jose Manuel Soria Industria ministroak Endesa eta Iberdrolari jakinarazi die Gobernua ez dagoela prest Espainiako energia-baliabideak alferrik galtzen uzteko, eta Garoña irekita mantentzen saiatuko dela, Nuclenorrek edo beste edozein enpresak kudeatuta, betiere Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak kontrakoa gomendatzen ez badu. Beraz, Gobernuak ere zentrala 2019ra arte ustiatzen jarraitzea nahi du.

Zer dio honen guztiaren inguruan Garoña irekita mantentzea segurua izango den ala ez erabaki beharko lukeen Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak (CSN)? Zentrala ikuskatuko duela esan arren, modu seguruan funtzionatzen jarraitzeko “baldintza guztiak” betetzen dituela” berretsi du hainbatetan. Motiboak daude, ordea, erakunde horren sinesgarritasuna zalantzan jartzeko, Mikel Garcia ARGIAko kazetariak bere blogean idatzitako artikulu honetan azaltzen duen moduan: Zergatik ez den sinesgarria Garoñaren etorkizuna erabakitzen duen Segurtasun Nuklearraren Kontseilua. Artikuluan irakur daitekeenez, duela hilabete batzuk, 2019ra arteko luzapena gomendatu zuen CSNk, Europar Batasunak eskatutako “estres probak” egin aurretik.