argia.eus
INPRIMATU
Nuclenor langileak prestatzen ari da Garoñaren balizko itxierarako
Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2012ko abenduaren 12a
Garoña zentral nuklearra ixteko manifestazioa

Igandean, zentrala gelditu, erregaia atera eta andeletan gordetzeko prest azaldu beharko dira Garoñako langileak. Nuclenorrek erregaia atera eta ur andeletara eraman nahi duela adierazi du.

Espainiako Gorteetako Energiaren Iraunkortasunaren Neurri Fiskalaren legea onartuko balitz irabazi ekonomiko gutxiago emango lituzke, hortaz itxi egingo lukete. Egun hauetan ari dira lege hori aztertzen.

Espainiako Gobernuarekin negoziazioak

Espainiako Gobernua eta Nuclenor negoziatzen ari dira zergen inguruan. Adostasunera iritsiz gero, ixteko asmorik ez duela adierazi du Nuclenorrek. Hala ere, zenbat eta beranduago, orduan eta zailagoa izango dutela gaineratu du.

Espainiako Estatuak bere gain hartzen du hondakin nuklearren gastua Enresa enpresa publikoaren bitartez. Legearen arabera, argindarra ekoizteak %7ko zerga izango luke. 2.190 euro ordaindu beharko dute, beraz, erabilitako erregai kilo bakoitzeko. Nuclenorren datuen arabera, nukleoak 400 erregai xafla ditu eta horiek 70 tona hondakin nuklear sortzen dute. Hortaz, 153 milioi euro ordaindu beharko lukete zergetan.

Legea onartuz gero, Nuclenorrek 24 milioi euro galduko lituzke eta 120 milioi euroko inbertsioa egin behar luke Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak agindutako hobekuntzak egiteko. Zerga horiek datorren urtetik aurrera jarriko lirateke martxan. Horregatik hondakin nuklearrak husteko prestatzen ari da Nuclenor. Legea onartu arte itxarongo duela gaineratu du.