Burgosko zentral nuklearra berriro irekitzeko beharrezko pausoak ematen ari da Nuclenor. Hark aurreikusi bezala joanez gero, beste 17 urterako irekiko dute Gasteiztik 40 kilometrotara dagoen zentral nuklearra.
Asteartean bukatu zen Segurtasun Nuklearraren Kontseiluan lizentzia berritzeko beharrezko dokumentazioa aurkezteko epea. Garoñako jabeak epe barruan ibili dira eta dokumentazioa maiatzaren 27an entregatu zuten. Nahiz eta, Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak abuztuaren 30ean hainbat betekizun eta zehaztapen egin zizkieten zentraleko jabeei. Baldintza horiek betetzeko epe muga bat jarri zioten Nuclenorri eta epeak betez, irailaren 22an aurkeztu zuen dokumentazio gehigarria.
Honako hauek dira, besteak beste, Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak egindako eskaerak: lan egitasmo bat burutzea egungo eta etorkizuneko egoeraren inguruan, egiturari dagokion azterketen egikaritzea, Fukushimako istripuaz geroztik martxan dauden diseinu aldaketak aintzat hartzea, Europako erresistentzia azterketen emaitzak kontuan izatea eta erregaiari dagozkion ikuskapenak egitea.
Nuclenorreko kideen ustez “gogorregiak” dira eskatutako betekizunak, baina, hala ere, Garoña “ahalik eta egoerarik onenean” mantentzen ahaleginduko direla esan dute. Equoren ustez, berriz, Garoña ezingo da gutxienez beste hiru urtetan ireki, eta beraz, 2017ko urria arte behintzat itxita behar luke. Hala ere, Espainiako Gobernuak irekiera data aurreratuko balu, zentral nuklearra beste 17 urtez egongo litzateke irekita, 2031. urterarte. Bestalde, Greenpeacek ingurugiroa kontuan hartu gabe zentral nuklear bat ireki nahi izatea leporatu dio Mariano Rajoy Espainiako presidenteari.