argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
NS eta PSN berriz ikurrinaren aurka, orain bareago
  • Aurreko legealdian aldaketaren lau alderdiek 2017an desegin zuten 2003ko Ikurren Legea berriz itzuli da Nafarroara. Garai hartan, UPNren eta PSNren corralitoa indar betean zegoen eta bi alderdiek Ikurren Legea atera zuten aurrera funtsean ikurrina udaletan jar ez zedin.

Xabier Letona Biteri @xletona 2020ko otsailaren 21
Ikurrina Iruñeko Udalean. Ikurrina Iruñeko Udalean.

Ikurrina jartzen bazen, jakina, bazen udal horiek demokratikoki hala erabaki zutelako, batzuetan bakarrik eta besteetan beste bandera ugariren artean. Baina Espainiako legediak ere bere jarrera gogortu zuenean, Espainiako banderaren lehentasuna derrigortuz, oro har, Espainiako bandera, Nafarroakoa eta herrikoarekin batera jarri zen ikurrina Nafarroan.

 

Duela hiru urte Ikurren Legea desegitean, udal ordezkarien erabaki demokratikoa ikurretan ere islatzea zen aldaketaren alderdien asmoa, lege horren debekua eta zigorra deseginez. Horren ondorioz, ikusi ahal izan ziren Nafarroako udal ugaritan ikurrinak festetan.

 

Baina estatuko botereek badute haiek nahi dutena bideratzeko hamaika molde eta Espainiako justiziak laster moztu zion bidea ikurrinari, ebatziz Ikurren Legea desegiteak ez zuela ahalbideratzen ikurrina jartzea, 1981eko foru araudiak argi zehazten zuelako zeintzuk ziren Nafarroako sinboloak eta hor ikurrinik ez zelako agertzen.

 

PSNren eta legealdiaren oreka gaitza

 

Ostegun honetan, Navarra Sumak sasoi bateko Ikurren Legea eraman du Foru Legebiltzarrera eta PSNren botoekin onartu da, azken honen proposamenez, NSren proposamen zigortzaile gogorra deseginez. Hau da, debekatu bai, baina lehengo zigor gogorrak gabe.

 

PSNren izaeraren baitan dagoenaz gain, osteguneko saioan Uxue Barkosek adierazitakoa ere badago oraingo PSNren jokaldiaren muinean: datorren astean Nafarroako Gobernuaren 2020ko aurrekontuak onartuko dira, honekin negoziatu ondoren, EH Bilduren abstentzioarekin; beraz, hori onartu aurretik, dagokion espainiartasun pilula hartu duela erakutsi nahi du PSNk, NSren aldetik datorkion erasoaldiaren aurkako ezkutu gisa.

 

Joko gaitzean ari da mugitzen PSN, Navarra Sumaren presioa eta, beste gobernukideen eta EH Bilduren behar ezinbestekoaren artean, bai Iruñeko Udalean eta, bereziki, Nafarroako Legebiltzarrean. Aldaketaren alderdien beharra du gobernatzeko, baina Navarra Suma bezain espainiarra eta “euskal nazionalisten aurkakoa” dela erakutsi behar du PSNk. Oreka gaitza, baina orain arte Nafarroako gobernagarritasuna ahalbideratzen ari dena, iraganeko corralitoa-ren aliantza apurka higatuz. Legealdiak oreka horretan aguantatuko duen ikusi behar, eta horretan giltzarri izango da, halaber, Madrilgo Gobernuan gertatzen dena.