argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko historiako greba luzeena amaitu dute Novaltiako langileek, akordioa lortu ondoren
  • Hiru urte eta zortzi hilabeteko borrokaren ondoren, Novaltiako langileek amaitu dute greba, kooperatibako zuzendaritzarekin akordioa lortuta. Kaleratzerik ez da izango eta kalte-ordaina jasoko dute langileek, Berria egunkariak jaso duenez.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko martxoaren 30
Novaltiako langileek inoizko greba luzeena egin dute. Goian, 1344. greba egunean ateratako azken argazkia.

Novaltia botika banaketako kooperatibaren Zamudioko lantegian greban zeuden hogei langileak euren lanpostuetara itzuliko dira, 1.345 egunez greba egin ondoren. Akordioa lortu dute enpresako zuzendaritzarekin, eta horren arabera, kaleratzerik ez da izango eta kalte-ordainak ere jasoko dituzte.

Ostegunean eman ditu xehetasunak ELA sindikatuak, Bilboko bere egoitzan, eta esan du soldatak %26,7 igoko dituztela langileek; prekarioenen kasuan %33,7koa izango da igoera. Gainera, langile bakoitzak 9.450 euroko kalte ordaina jasoko du.

Goiz partean Berria-k aurreratu du akordioaren albistea. Imanol Magro kazetariak azaldu duenez, bizpahiru lagunek borondatezko kaleratzea onartu dute, pizgarriekin, eta gainerakoen itzulera "blindatzea" lortu dute: "Abokatuentzat baldintza oso garrantzitsua da, ez delako erraza lanpostura itzultzea ia lau urtean greba egin ondoren".

Besteak beste, langileak salaketa jarri ahal izango du enpresa bere aurka ari dela ikusiz gero, "grebarekin zuzenean edo zeharka lotutako jarduerengatik inolako errepresaliarik edo diziplina neurririk ez hartzeko konpromisoa" hartu baitu zuzendaritzak, sindikatuak jakinarazi duenez.

Lantegi atarian jarritako karpa txikian egin dituzte egun asko eta asko Novaltiako beharginek. Argazkia: Novaltia Greban.

ELA aritu da hasieratik langileen ondoan borrokan eta aholkularitza ematen; langileek ez ezik, sindikatuak ere kalte-ordainak jasoko ditu –egun bakoitzeko euro bat, 1.345 euro–. Auzi luzean izandako hainbat ebazpenek derrigortzen dute kooperatiba horretara.

Lan baldintza eta ordutegi prekarioak eta soldata eskasak salatzeko hasi zuten greba Novaltiako langileek 2019ko uztailean. Hortaz, Euskal Herriko historiako greba luzeenari –eta Europan egun indarrean zegoen luzeenari ere– amaiera emango diote akordio honekin.