Dozenaka mila jende (iturri batzuek 20.000 aipatzen dituzte, beste batzuek 30.000) bildu dira larunbatean, otsailak 10, Bretainiako Notre Dame Des Landesen ospatzeko Frantziako gobernuak behin betiko baztertu izana hor eraikitzekoa zen aireportu handiaren proiektua. Frantziako Estatutik eta are Europako beste zoko askotik ere iritsi dira Nantes ondoko paraje okupatu hartara garaipena fsta giroan ospatzera.
Azpiegitura handien kontrako mobilizazioen artean Europako famatuena da Notre Dame Des Landes eremuan urte luzez egin dena. Aireportua eraikitzeko baserritarrei desjabetutako lurrak okupatu eta biziarazi dituzte urteotan bai baserritar intsumituek eta bai bertara bizimodu berria era autogestionatuan antolatzera iritsitako kale-baserritarrek. Gatazka honek zabaldu du okupazioaren ikuspegi berria, ZAD Defenditu Beharreko Eremua (Zone A Defendre, frantsesez) eredua.
Euskal Herritik ere asko izan dira urteotan bertaraino elkartasuna erakustera bezala auzolanean laguntzera hurbildutakoak, gazteak bidenabar. Ordainetan, Notre Dame Des Landeskoak ere ibili dira beren erresistentzia kontatzen gure artean. Europa osoko milaka jendek konta ditzakete borroka horretako bizipenak:
Orain agintariak, Loire-Atlantiquekoak bezala Pariskoak, zalantzan daude zer egin beren jatorriko jabeei aspaldi desjabetutako lurrokin. Larunbateko festaren beste helburua, hain zuen, zen solidaritatea erakustea urteotan eskualde zabal hori bizirik atxiki duten okupatzaileei, bermatuz inor ez dela lantzen dituen lurrotatik kanporatua izango. Reporterre hedabideak bideo honetan laburbildu ditu larunbateko ospakizunen irudi eta lekukotasunak, tartean Euskal Herritik joandakoenak: