argia.eus
INPRIMATU
Notre-Dame-Des-Landesen jendarmeak granada oso bortitzak ari dira erabiltzen
  • Notre Dame Des Landesen Emmanuel Macron presidenteak bidalitako jendarmeei aste betez aurre egiten dieten jendeek salatu dute kale liskarretarako material militar gogorra ari direla erabiltzen agenteak. Tartean, ke negar-eragilea zabaltzen dutenak eta eztandarekin hurbil harrapatutakoei gorreriaz gain zauri larriak ere eragiten dizkietenak.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2018ko apirilaren 16a
Jendarmeek darabilten GLI F4 granadak gorreria eragiteaz gain lur zatiak harrotzen ditu 2 ingururaino. (Argazkia: Nantes Revoltée)

Lundi Matin hedabide elektronikoak zabaldu duenez, dagoenekoz jendarmeak 4.000 granadatik gora bota dituzte Notre-Dame-Des-Landesen erasoari eusten diotenen gainera. Lekuan diren beste eragile askoren gisan, ATTAC erakunde altermundialistak ere sare sozialetan zabaldu ditu militanteek kopuru harrigarrietan bildutako granaden ontzien irudiak:

 

ZADean poliziei aurre egiten dietenek beren buruen gainera iristen ikusten dituzte 50-200 metro urrutiagotik Cougar fusilekin jaurtitako granadak. Batzuk, negar-eragileak, sei ataletan banatzen dira, su hartzean pozoi kimikoa zabaltzeko.

Jendarmeek Notre-Dame-Des-Landesen darabiltzaten  granadak. Ezkerretan negar eragileak. Eskuinetan txokeko uhinak eragiten dituztenak

Are gogorragoak dira, ordea, beste granada batzuk, morteroaren balak bezala datozkienak goitik behera. Lundi Matinek dioenez, “ekintzaileek ikasi dute horiek ezagutzen eta oihu egiten dute, batean “grenade” [ke negar-eragilea dakarren granada] edo “assourdissante” [gorreria eragiten duen munizioa], behatzez hura markatuz eta belarriak azkar itxiz. Lurra jotzean kartutxo hori lehertu egiten da, ke beltza askatzen du eta hots bortitza eragiten, bi metro ingururaino harrotuz lurra eta lokatza”.

 

25 gramo TNT omen daramatzan material militar horrek GLI F4 du izena, SAE ALSETEX konpainiak ekoizten du eta fabrikatzaileak dioenez “egoera benetan zailetan manifestariak desestabilizatzea du helburu”. Ekoizleak “eragin psikologikoa” deitzen duena benetan osatzen dute leherketatik 5 metrora 165 dezibelioko zarata egiten duela, baina baita txokeko uhin bat ere. Hein batean material horrek jota daude Notre Dame Des Landesko 160tik gora zaurituak.

Jendarmeen kale-guduko materialak eragiten dituzten kalte fisikoen zenbait irudi zabaldu dira sare sozialetan. Ez gehiegi eta ia denak ekintzaileek beraiek zabalduak... agintariek kazetariei dabekatu baitiete setitatutako gunean sartzea. Hala ere, kale-gudurako material horien kalteak esajerazioak ez direla erakusten duten frogarik onena zauritutako jendarmeak berak dira: Richard Lizurey jenerala buru duten jendarmeetako batzuk ere ospitalera urgentziaz eraman behar izan dituzte arma horien eraginez, aurrean dauzkaten ekintzaileei jaurtitzen hasita beren oinetan lehertu zaizkielako.