argia.eus
INPRIMATU
Notre-Dame-des-Landesen gertatzen dena filmatzeko deia egin dute zenbait zinegilek
  • Adele Haenel, Philippe Garrel, Victor Erice eta Aki Kaurismaki dira Notre-Dame-Des-Landesko ZADean gertatzen denaren irudiak filmatu, landu eta zabaltzea eskatu duten zinegileetako batzuk, “imaginario berriak eraikitzeko borrokatzen den leku erreal bat delako”.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 22a
Asteartean, maiatzak 22, berriro sartu dira zientoka jendarme ZADetik kanporatzera asteburuan etxeak berreraiki eta soroak lantzera itzuli direnak. (Argazkia: @ymonteil)

Zine munduan ezagunak diren hainbat zuzendari, ekoizle, kritiko eta beste profesionalek Le Monde egunkarian plazaratu dute agiri bat Notre-Dame-Des-Landesko ZADean gertatzen denari ezikusia egiteari uko egin eta konprometitzea aldarrikatuz. Berrikitan ZADetik bidali zieten beste Vent d’Ouest (Mendebaleko haizea) filma, gezurrarekin jolas eginez Jean-Luc Godard famatuarena zela esanez, eta hura ikusita zer pentsatua eman diela aitortzen dute: “Oroimenera ekarri digu 1970an Jean-Luc Godardek zabaldu zuen “Que faire?” (Zer egin?) manifestazioa, zeinetan aipatzen baitzen: ‘1. Film politikoak egin behar dira. 2. Filmak politikoki egin behar dira”.

Godardek 1968 garaiko testuinguruan egin zuen bere aldarrikapena. “2018ko maiatzean gaude –diote orain sinatzaileek- eta berrogeita hamar urte beranduago 68ko maiatza ospatzen da. Eta ospakizuna hemendik eta ospakizuna handik, ekintza paralizatzen da museogintza egitearen poderioz. Ezikusia egiten zaie errefuxiatuei, trenbideetako langileei, ikasleei, postariei, osasun zerbitzuetako langileei eta auzuneetako eguneroko errepresioari”.

Zinegileok diote ulertu dutela ZADtarren mezua: “Egia zera da, Notre-Dame-Des-Landestik jendea kanporatzen dutela eta borrokan ari diren pertsonei etxeak suntsituko dizkietela. Urte luzez espekulatzaileen kontra, aireportuaren eta bere munduaren kontra, borrokatu eta irabazi egin duten pertsonei egingo diete hori. Egia zera da, Estatua tematuta dagoela suntsitzen esperientzia komunak, eten gabe armatzen diren antolakuntza saioak, naturaren defendatzaileak eta hartan bizi diren bizimodu anitzak. Horren aurrean, zinegile garen neurrian gure hautua egin dugu”.