argia.eus
INPRIMATU
Aste politikoaren kronika
Notarioek badute lana
  • Inkesta etxe batek dio, lehenbizikoz historian, EH Bildu izango dela alderdirik ordezkatuena Eusko Legebiltzarreko ganberan; eta, era berean, jeltzale eta sozialisten elkartzeak ez lukeela gehiengo osoa bermatuko. Dena den, EH Bilduk ez luke gehiengoa izango Podemos eta Sumarrekin elkartuta ere. Inkestaren emaitzak ziurtzat hartuta, beraz, PPren eskuetan legoke gobernu-osaketa. Kronikari ekiteko, ordea, Lakuaren herentziei erreparatu aurretik, dibortzioari begiratuko diogu; "ezkerreko alternatiba erreala" zirenen arteko tira-birari.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko otsailaren 05
Podemosek bide propioari ekin dio; ordu gutxira jakin zen Sumarrek akordioak erdietsi dituela Ezker Anitza-IUrekin eta Equo-rekin.

Agur, Ibarrola, agur!-etik, fuksiak morea degradatu duen garaira pasatu da euskal politikagintza. Dibortzioa sinatu berri du notarioak. Ezker Anitza-IU eta Equo-Berdeak alderdiek urte batzuetako maitasun harremana eten dute Podemosekin, maitale berri eta gazteagoarekin joateko, Sumarrekin. Atzeko atetik zaplazteko ederra ematea bezala izan da, eta bi aukera dituzte moreek orain: belarriak jaitsi eta atzetik joan, inkestek –eta aurrekari historikoek– txarrena iragartzen dutelako batera joaten ez badira; edo paparra igo eta fight the power. Agian aliatu bat topatuko du: Aliantza Berdea. Izan ere, dibortzio mugimendu horretan, ardi galdu zalantzatia izaten ari da; betiko lagunen artean bi taldetxo sortzen direnenean eta erdibidean geratzen den hori da Aliantza Berdea. Podemosekin geratzen bada, hiru kontra biko bataila. Gerraren azken bataila, edo azken aurrekoa, akaso.

Alba García Martín izango da Sumarren zerrendaburua; horretan ez dago dudarik eta marra gorriak, antza, hor ezarri dituzte Podemosekin. Betoa Miren Gorrotxategiri, lerroartean uler daitekeenez. Baina giroa kaskarra den arren, "berez" badute bakeak egiteko astia, Urkulluk hauteskundeak deitu arte. Beraz, “hartu edo utzi”, ultimatuma du eskuetan orain alderdi moreak.

Aurreikus zitekeen Lander Martínez –hiru lurraldeetako Sumarren bozeramailea, eta, hemerotekan hain urrunera joan gabe, Podemosen lehendakarigai izandakoa haien garairik onenetan– eta enparauek jokaldi hori egingo zutela. Izan ere, esan behar da, izotza apurtu duena Podemos izan da. Agian kosk egin dio ezin zuelako gehiago isilean aguantatu, beste lehendakarigaiak egunero elkarrizketak ematen ari direla ikusita. Gorrotxategi buru, Podemosek agerraldi publikoa egin du Gasteizen, Sumarrek koalizio berria ezagutzera eman aurretik.

Herentziak nork eraman

Herentzia txiki bat utziko du egun legebiltzarrean ordezkaturik dagoen Podemos-IU taldetxoak. Sei legebiltzarkide dituzte, soldatapean, eta ondasun horien banaketa nolakoa suertatuko den jakiteko urduri sumatzen dira aldeak. Eta bazterretik begira EH Bildu, eta urrunago PSE-EE, boto atsekabe horien peskizan. Moreek egun dituzten sei eserlekuak berrestea ia ezinezkotzat jotzen da; eta galduko dute, baina ea zenbat, eta ea hiru lurraldetako zeinetan. Eta ea, hortaz, azkenean batera aurkezten diren, edo ez, eta ea zerrendak nola osatzen diren lortuko dituzten bi-hiru-lau-bost eserleku horien banaketari begira.

Herentziak herentzia, dema horretan abila izan denaren ustea izango du Pilar Garridok. Ikusteko dago, jakina, ea hauteskunde emaitzek zer ematen duten, baina azken urte erdian mugimendu esanguratsuak egin ditu egungo Euskadiko Podemosen koordinatzaile nagusiak. “Sumar etorkizuna da”, esan zuen Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako kanpaina betean, uztailean, Podemos eta Sumar elkarrekin joatea adostu zutenean. Gipuzkoako zerrendan lehenbiziko postuan joan zen orduan, baina, pronostiko askoren kontrara, ez zituen behar beste boto eskuratu eta eserleku gabe geratu zen.

Gero, azaroan, Espainia mailan Podemosen eta Sumarren arteko hausturaren erdian, hiru lurralde historikoetan Sumar ez dagoela "artikulatuta" esan zuen Garridok. Eta, era berean, Euskadiko Podemosen hautagaitza indartsua zela hitzeman zuen, besteak beste Equo-Berdeak eta Aliantza Berdea-rekin “harreman indartsua” zutelakoan –bistan geratu denez, ez zen hain indartsua–, eta Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeei begira jarri zen Gorrotxategiren hautagaitza berretsita. Abila izan den ala ez, ikusiko da hauteskundeen ostean; ekonomia irizpideetan, ziur, arrisku maila oso altua du Podemosek.

Inkestek ere badiote: mesederik ez

Ezker konfederala batera aurkeztuko balitz, otsaileko EiTB Focus inkestaren arabera, bost eserleku lortuko lituzke; aldiz, bakoitza bere aldetik joanda, Podemosek bi eta Sumarrek bat. Arraro samarra inkestak Sumarri eserleku hori Gipuzkoan ematea, eta Podemos hutsean geratzea; Sumarrek, esan bezala, ez zuelako ordezkaririk lortu lurralde horretan uztaileko hauteskundeetan. Neurgailu fidagarririk gabeko tiradizoa, beraz.

PSE-EEtik ezkerrera kokaturiko alderdi ez abertzaleei iraganeko aurrekariek esaten diete ez litzatekeela onena izango bereizita aurkeztea. Esaterako, 2020an, Equo-Berdeak bakarrik aurkeztu zen hauteskundeetara, kanpainako eztabaidetan parte hartu zuen José Ramón Becerrak, baina ez zuen postutxo bakar bat bera ere eskuratu. Antzerakoa gertatu zitzaion Ezker Batuari 2012an.

Inkestak ere, aurre-kanpaina betean

Joan den ostiraletik igandera argitaratu ditu EiTBk bere inkestak, Gizaker etxeak eginak. Ikuspegi orokorraren argazkia hauxe da –sakonago, Xabier Letonaren albiste honetan–:

EiTB Focus

Bestalde, Vocento taldeak Ikerfel inkesta-etxearen datu hauek argitaratu ditu igandean:

Iturria: El Correo

Lakuaren herentziak jomugan

Imanol Pradales EAJren hautagaiak Radio Euskadin hitz egin du: “EAJren edo EH Bilduren artean aukeratu beharko du boto-emaileak; ez dago beste aukerarik”. Bere arrantza propioari ekin dio. Edo batarentzat edo bestearentzat izango da herentzia. All-in egiteko, alegia. EAJtik PSE-EEra edo PPra alda daitezkeen boto-emaileak, ziurrenik ezker abertzaletik urrun ikusten direnak eta EH Bildu ez beste norbait bozkatzeko aukera sentitzen dutenak, horiek bere sarean mantendu nahi dituzte jeltzaleek.

Inkestak hartuta, nahiko argi ikusten du EAJk gobernua osatzeko aukerak badituela PSE-EErekin; eta haiekin iristen ez bada 38ko gehiengora, PPri hots egingo diola Gipuzkoan gertatu bezala. Buruhausteren bat eragingo lioke horrek, baina.

Herentzia, beraz, Sabin Etxean geratuko dela ematen du, baita Ikerfelen inkestari begiratuta ere. Probabilitateak jeltzaleen aldekoak dira. Izan ere, EH Bilduk gobernatzeko aukerak baldin baditu, EAJren babes puntualei esker izan beharko da, eta kasu horretan ere botea kontsumatuko lukete jeltzaleek. Beste aukera posiblea PSE-EEri eskua luzatzea litzateke... baina ezinezkoa dirudi. Alderdi bozkatuena baldin bada, beste estrategia bat beharko du koalizio subiranistak.

Gauzak horrela, herentziaren afera hain gordin ez ikusteko ahaleginak egin ditu EH Bilduk azken astean. Sigletan baino, fokua "gobernantza ereduan" jartzeko eskatu du, boto-emaile jeltzaleei begirada luzatuta, ea botoa aldatzen duten, edo, hala ez bada, alderdia konbentzitzeko EH Bildurekin ituna osa dezan. EiTB Focusaren bigarren partearen arabera, boto emaileen artean aukerarik gogoena izango litzateke bi alderdi nagusien arteko akordioa; interesgarria da datu hori. Baina betikoa da: ea jendeak nahiko lukeena egiten ote duten alderdi politikoek.

Herentziaren hirugarren hanka

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakunde eta udalerri asko eta askotan gertatzen den moduan, PSE-EEren salbamendu uztaia EAJ da –alderantziz ere bai, jakina–. Ohikoa da jeltzaleek sozialistak behar izatea udal gobernuak osatzeko, eta beraz, nahitaez, koalizio akordioa egin eta denak gustura geratzea. Baina pozik, bereziki sozialistak; bi zinegotzi eskas eskuratu, akordioa egin EAJrekin, bi departamenturen jabe egin eta soldata puskak etxeratu. Ogibide interesa, akaso, bokazioaren gainetik. Eta Focus-ak jaso du datu esanguratsu hori: sozialista boto-emaile ia denek nahi dute EAJrekin akordioa egin, jeltzaleek beraiek nahi dutena baino dezente gehiago.

Interesatuarena egin ohi du Anduezak, eta hala egiten segituko du, ziurrenik, maletatxo batekin eta traje dotorearekin Miramar Jauregira joan nahiko duelako hurrengo abuztuan, Jaurlaritzaren Gobernu Kontseilu berezira. Eta, jakina, EAJren botoak zabaldu eta bien artean 38ko gehiengora ozta-ozta heldu ahal badute, are hobeto: egungo hiru sailak baino zerbait gehiago baietz eskatu.

[Astelehenero, eta Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeak pasa arte, aste politikoaren kronikak argitaratuko ditu ARGIAk]