Gauzak ez dira izatez errazak, eta, izango da batagatik edo besteagatik, baina, azken boladan, mingainari behar baino gehiagotan egin diot kosk bi kontu hauengatik: sold out-aren kultura eta FOMOa –azken hori agian azaldu behar da, ez baita hainbestetan esana: esperientzia jakin baten parte ez izatearen eta horregatik baztertuta sentitzearen beldurra da FOMO, ingelesez–. Bi fenomeno horiek elkartzen direnean dagoeneko gure esferatik iragan diren musika taldeen itzulerekin, are mingarriagoa zait hozkada.
Duela hilabete batzuk Ruper Ordorikari honela leitzen genion Gakoak-en. Errobi kontzertu batzuk ematera itzultzekoa zenaren ingurumarian, talde zaharren itzuleraz oro har berbetan, zera zioen: “Ez dakit zer gertatzen ari den. Zalantza dut ez ote duen gure ahulezia erakusten, ez ote ari garen ahulezia seinalatzen, gure kemena baino gehiago. Uste dut, dena dela, badela jende bat hori eskatzen ari dena, eta bistan da, sarrerak saltzen dituztelako”.
Memorian freskoago dugu beste hau. Miren Amuriza honela mintzo zen bere azken liburuaren kari Leire Vargasek egin zion elkarrizketa mamitsuan: “Uste dut iragana idealizatzea dela nostalgiaren arrisku handienetako bat. Azken urteotan eta pandemiaz geroztik bereziki, diskurtso apokaliptikoak nabarmendu diren honetan, ematen du mundua orain dagoen moduan edo okerrago egongo dela beti, eta, beraz, lehengo guztia hobea zela. Eta hori ez da horrela. Bai lehengoak eta bai oraingoak baditu bere argi-ilunak”.
Buitraker, Autobus Magikoa eta Never Surrender musika taldeak oholtzara itzuliko dira kontzertua ematera, uztailean egingo den azken Hatortxu Rocken. Ez dut ezer talde horien kontra, ezta jaialdiaren aurka ere. Ez dakit, ezta ere, Amurizak eta Ordorikak zer pentsatzen duten gaiaz. Neuri deigarria zait, ordea, halako tamainako eta ibilbideko jaialdi batek talde zaharrak berreskuratzeko joera izatea, eta ekinbide horri horrelako boza eman nahi izatea. Baita komunikabideak joko horretan sartzea ere. Ez da lehen aldia. Halakoetan Ordorikaren hitzak datozkit gogora: ez ote duen horrek guztiak gure ahulgunea erakusten, kemena baino gehiago. Litekeena da liturgia horren guztiaren oinarrian etorkizunera begirako proiekzio falta bat egotea, gure gabeziaren isla izatea. Egiari zor, ordea, beti eutsi behar izaten zaio nonbait eta noizbait edukitakoari.
Baina predikurik ez. Eta bigarren hozkadatxoa mingainari. Itoiz edo beste talderen bat itzuliko balitz, duda gutxirekin, egon beharreko lekuan legoke artikulugile hau. Nostalgiaren pisua. Baita inoiz bizi izan gabekoaren nostalgia ere. Horiek guztiak barnebiltzen ditu ditxosozko FOMOak.