Europako txapelketako hirugarren posturako partida galtzamotzetan jokatu zuten igandean. Europako Eskubaloi Federazioak 1.500 euroko isuna jarri die uniformeen erregulazioa ez betetzeagatik. Jokalariek diote bikiniarekin “deseroso, biluzik eta behatuta” sentitzen direla.
Norvegiako emakumeen hondartzako eskubaloi selekzioak uko egin dio Europako txapelketan bikinia erabiltzeari. Uztailaren 18an Espainiako selekzioaren aurka jokatu zuten hirugarren postua erabakitzeko partida, eta galtzamotzak jantzi zituzten, atletentzako uniformeen erregulazioak ezarritako bikiniaren ordez.
Astelehenean, uztailaren 19an, Europako Eskubaloi Federazioak komunikatu batean adierazi zuen galtzamotzek ez dutela atleten uniformeen araubidea betetzen. Erregulazioa hausteagatik, Norvegiako jokalari bakoitzari 150 euroko isuna ezarri zien: 1.500 euroko zigorra, selekzio osoarentzat.
Herald Sun hedabideak jaso duenez, Kare Geir Lio Norvegiako Eskubaloi Federazioko presidenteak NRK komunikabidean esan du isuna ordaindu egingo dutela. Denak “ontzi berean” daudela gehitu du, eta garrantzitsuena “atletak eroso sentiarazten dituen ekipamendua izatea” dela: “Aukera librea izan beharko litzateke, araubide estandarizatuaren barruan”.
Egun, Nazioarteko Eskubaloi Federazioaren araubidean zehazten denez, gizonezkoek praka motzetan jokatu behar dituzte partidak; emakumeek, berriz, bikiniaren azpiko partea eraman behar dute jantzita. Gizonezkoen uniformea belaunak baino 10 zentrimetro gorago hel daiteke, “oso zabala ez bada”. Baina, andrazkoen kasuan, bikiniaren alboko zintaren zabalera ezin da 10 zentrimetro baino gehiagokoa izan. Gainera, jantzia “estua” izan behar da, eta “goranzko angeluan moztuta”, derrigorrez.
Europako eskubaloi txapelketa Varnia-n (Bulgaria) jokatu da uztailaren 13tik 18ra bitartean, eta lehenengo partida jokatu baino lehen adierazi zuten Norvegiako jokalariek bikini hori janzteari uko egingo ziotela. Katinka Haltvik atletak NRKri adierazi zion, hasieran, Eskubaloi Federazioak 50 euroko isuna jarri nahi ziela jokalari bakoitzari. Haltvikek erabaki hori “onartu” egin zutela azaldu zuen, baina partida hasi baino lehenago, bigarren mehatxua jaso zuten: galtzamotzetan jokatuz gero, txapelketatik bota nahi zituzten.
Haltvikek adierazi zuen jokalariek txapelketatik kanpo ez gelditzeko jantzi zituztela bikinien beheko parteak. Baina horiek “lotsa” sentiarazten dietela onartu zuen. Várei Nicolas Frantziako eskubaloi selekzioko burua eta jokalari ohia bat etorri zen Norvegiako atletarekin, VIG hedabideari egindako adierazpenetan: “Jokalari asko galdu ditugu uniforme hauen erruz. Jokalariek esaten didate deseroso, biluzik eta behatuta sentitzen direla. Mugimendu askoko kirol bat da, eta bikini batek mugatzen zaitu”.
Berria komunikabideak Dagbladet egunkariak emandako datuak bildu ditu. Informazioaren arabera, Norvegia, Danimarka, Frantzia eta Suediako federazioek janzkera arauak aldatzeko eskatu nahi diote Europako Eskubaloi Federazioari.