argia.eus
INPRIMATU
Norvegiak ez die arma gehiago salduko Arabiar Emirerri Batuei, Yemengo gerra dela eta
  • Norvegiako Gobernuak jakinarazi du Arabiar Emirerri Batuei armak saltzeari utziko diola armok Yemengo gatazkan izan dezaketen inplikazioa saihesteko. Norvegiak armak eta gerra munizio ugari saldu zizkion 2016an herrialde arabiarrari, 10,2 milioi euroren truke. Etekin ekonomikoa albo batera utzi eta giza eskubideak bermatzea erabaki du herrialde nordikoak.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko urtarrilaren 11

Norvegiako Kanpo Arazoetako Ministerioak, “zehatz-mehatz” aztertzen dira gerra guneetatik jasotzen dituzten armen salmenten eskariak. “Arma horiek giza eskubideak urratu ditzakete eta gure eginbeharra hori galaraztea da”. Irizpide hori aintzat hartuta eta Arabiar Emirerriek nahiz Saudi Arabiak Yemenen duten lotura ikusita, ez konplize izatea erabaki du Norvegiako Gobernuak.

Arabiar Emirerriekin hartutako arrazoi bera argudiatuta, Saudi Arabiari ere jada ez dizkio armak saltzen Norvegiak. Bi herrialde arabiarrak 2015an zuzenean sartu ziren Yemengo gatazkan, presidente ohiaren alde eta hutu taldeen aurka egiteko. Bi potentzien neurriek giza eskubideak urratzen dituztela berretsi izan dute nazioarteko eragileek.

Osasunaren Mundu Erakundeak, Unicef eta beste hainbat eragilek ohartarazi dute Yemenen gertatzen ari dena jada ez dela gatazka hutsa, giza hondamendia baizik. Albo kalteak erabat adierazgarriak direla adierazi dute: biztanleriaren %75ak laguntza behar du, errekurtsorik gabe geratu baita. Orain artean 11 milioi haur daude.

2016an kolera hasi zen zabaltzen Yemenen. Datu ofizialen arabera, dagoeneko 9.000 pertsona baino gehiago hil dira. 49.960 pertsona zauritu dituzte eta dagoeneko 3 milioi desplazatu baino gehiago eragin ditu gatazkak.