argia.eus
INPRIMATU
Norvegiak atea ireki die meatzaritza enpresei Artikoko itsas sakona arpilatzeko
  • Ozeanoaren sakonean dauden mineralak ustiatzeko urrats garrantzitsua egin du Norvegiako Parlamentuak: baimena eman du meatzaritza enpresek itsas sakona esploratu eta komertzialki ustiatu dezaten, gizakiak ukitu gabe duen munduko azken tokia. Zientzialariak eta ekologistak larrituta daude horrek izan ditzakeen ondorioekin.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko urtarrilaren 12a

Norvegiako Parlamentuan, Stortingen, bozketa garrantzitsua egin da asteartean, kanpoaldeak aktibista ugari elkarretaraturik zela. Herrialdeko itsas sakoneko ondare natural ikaragarria ustiatzeko argi berdea eman dute parlamentariek. Lege proiektuak aldeko 80 boto izan ditu eta 20 kontra.

Artikoko itsasoan, Norvegia eta Groenlandia artean, 280.000 kilometro esploratu eta ustiatzea baimenduko luke legeak; Erresuma Batua baino zabalagoa da eremu hori. Hala, Norvegia munduko lehen herrialdea bihurtu da halako zerbait egiten.

Ozeanoen itsas hondo sakonak aspaldi daude meatzaritza enpresen jo mugan, bertan dauden mineral eta natur baliabideak direla-eta. Zehazki, kobrea, kobaltoa, zinka eta urrea dira bilatzen dutena, energia berriztagarrien industriarako beharrezkoak, hala nola eolikoen turbinentzako edo auto elektrikoen baterientzako.

Ez dakigu zer jarriko dugun galtzeko arriskuan”

Estraktibisten ikerketa batek, metal eta mineralen kopuru “adierazgarria” atzeman zuen Norvegiaren jabetzako ozeano sakonean. Hori ustiatzea defendatu dutenek diote erregai fosilik gabeko energia trantsiziora azkarrago jauzi egitea ahalbidetuko duela. Baina ekologistak oso kritiko azaldu dira: “Jauzi handi bat da, okerreko norabidean”, azaldu dio CNN kateari Norvegiako Greenpeaceko arduradun Frode Pleymek.

Zientzialari eta ekologisten esanetan, oso zaila da esatea nolakoa izango den itsas hondoko ekosistemei egingo zaien kaltea, besteak beste ez dakigulako zer dagoen ere: “Ez dakigu zer jarriko dugun galtzeko arriskuan, ez dugulako ezagutu ere egiten”, azaldu du Pleymek.

Erauzketa prozesuan erabiliko den erregai fosilekin isuriko den karbonoak ere kezkatzen ditu zientzialariak, baita itsas hondoan gordeta dagoen karbonoa askatzeak ere, klima aldaketa azkartu dezakeelako.

Mineralak erauzten hasteko oraindik denbora beharko dela ohartarazi diote CNNri meatzaritza industriako lobbyaren zenbait adituk –Pleymen ustez, ordea, hilabetetako kontua izan daiteke–, eta komertzialki errentagarria izango den ere zalantza dago, erauzteko “oso-oso zaila” delako.

Erauzketa prozesuan erabiliko den erregai fosilekin isuriko den karbonoak ere kezkatzen ditu zientzialariak, baita itsas hondoan gordeta dagoen karbonoa askatzeak ere, klima aldaketa azkartu dezakeelako. Hain justu, Europako 800 zientzialari inguruk eta 100 politikarik moratoria eskatu diote Norvegiako Gobernuari, hori dela-eta.

Norvegiak asteartean onartu zuen itsas sakoneko mineralak ustiatzea baimentzen duen lege proiektua. Argazkia: Greenpeace / Will Rose

Ez dugu itsas sakoneko mineralik behar

Bestalde, trantsizio energetikoa posible egiteko urratsa dela dioen argudioa hankaz gora jarri du Ingurumen Justiziarako Fundazioaren txosten batek.

Stortingeko bozketaren egun berean publikatua, ikerketak ondorioztatu du teknologia, ekonomia zirkularra eta birziklapena konbinatuta %58 murriztu daitekeela mineral horien erabilera hemendik 2050era bitartean. “Itsas sakoneko meatzaritzak behar ez ditugun mineralak bilatzen ditu, eta onartezinak zaizkigun kalte ekologikoak eragingo ditu”, esan du fundazio horretako buru Steve Trentek.

Nazio Batuen Erakundeko Itsas Hondoen Nazioarteko Autoritateak pasa den urteko martxoan abiatu zuen munduko itsas sakonak “esploratzeko” araudia onartzeko prozesua, Jenofa Berhokoirigoinek Net hurbil honetan kontatu zuen moduan: “Hil ala biziko sokatira dugu. Estraktibistek irabaziz gero guztiak izanen gara galtzaile”.