argia.eus
INPRIMATU
Nortasuna

Nagore González 2023ko urriaren 09a

Mozorrotzea aisialdiaren parte bihurtu da gaur egun. Herri askotako jaien ekintza ohikoa da nahi dugun pertsonaia izatea. Momentu horretan, pertsonai barruan gaudenean, beste edonor izan gaitezke.

Bizitzan horrelako zerbait gertatzen delakoan nago. Ez gara pertsona bera izaten talde guztietan. Ni neu ez naiz berdin aritzen lagunekin, familiarekin edo lanean. Askotan galdetu diot neure buruari zergatik gertatzen den hori. Agian, ezarritako rol edo etiketarekin bat egiten dugulako. Hau da, lagun taldean “pailazoa” garela etengabe esaten badigute, azkenean, horrela jokatzen dugu.

Hori dela eta, galdera hau bururatzen zait: zergatik ez dugu jokatzen berdin gure inguruko talde guztietan? Posible da norbera izateko askatasunik ez izatea?

Zergatik ez dugu jokatzen berdin gure inguruko talde guztietan? Posible da norbera izateko askatasunik ez izatea?

Posible da txikitatik etengabe jakinaraztea besteek egiten dutena egin behar dugula desberdinak ez izateko. Azken batean, hori ez da hain arraroa, gizakiak gara eta harremanak beharrezkoak ditugu elkar bizitzeko. Hori dela eta, denoi gustatzen zaigu taldearen barne sentitzea; onartua izatea, funtsean.

Baliteke, norbera izaten ausartzen ez bagara, autoestimu falta egotea ere bai.

Batek daki zenbat pertsonaia izan gaitezkeen pertsona baten barruan.

Edonola ere, besteekin egoteko, gu izateari utzi behar diogu? Orduan, zer gertatzen da bakoitzaren nortasunarekin? Eta are gehiago, non dago pertsona eta pertsonaiaren arteko muga?

Geure burua ezagutzea eta onartzea ez da erronka makala, ezta gutxiago ere. Hori lortuz gero, bizkarretik motxila astun bat kentzea bezala da. Posible da adinarekin lortzen den gauza bat izatea. Nire ustez, askatasunik handiena norbera izatea da. Horretan datza bizitzaren arrakasta.

Nagore González