argia.eus
INPRIMATU
Nortasun juridikoa eskatzeko gose greba hasi du Asier Guridi errefuxiatu politikoak Venezuelan
  • Martxoaren 29an gose greba hasi du Asier Guridi Zaloña errefuxiatu politikoak Venezuelako Espainiako Kontsulatuaren aurrean "nortasun judirikoa" eskatzeko: izan ere, Espainiako Estatuak ukatu egin dio nortasun juridikoa eta ondorioz, oinarrizko eskubideetara sarbidea itxita dauka, adibidez lana lortzea, bozkatu ahal izatea edo 13 urteko semea ordezkatzea eta defendatzea.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 29a

Iazko abenduan beste gose greba bat egin zuen Guridik auzi beragatik, eta abenduaren 8an utzi zion grebari, Venezuelako Gobernuak "errefuxiatu estatusa" onartu baitzion. Baina venezuelar nortasunik ez dio onartzen Espainiako pasaporterik aurkeztu ezin duelako. Komunikabideetara zabaldu duen oharrean azaldu du Espainiako Estatuak "nortasun juridikoa ukatzen" diola eta horrela, oinarrizko eskubideak etenda dituela; lana bilatzeko, 13 urteko semea ordezkatu eta defendatzeko; elikatzeko, bozka emateko, ezkontzeko edo eguneroko bizitzan beharrezko diren eragiketa sinpleetarako, adibidez, telefonoa bere izenean kontratatzeko.

Venezuelako nortasuna lortzeko baldintza "lortu-ezinak"

Martxoaren 3an Guridik eskaera egin zuen Venezuelako Atzerri ministerioko zuzendaritzan, Venezuelako herritartasuna lortzeko. Baina horretarako Espainiako pasaportea eskatzen diote, eta pasaportea eskuratzeko urratsak eman bazituen ere, Espainiako Estatuak hau ukatua dio. Era berean, Espainiako Estatuak ez dio inolako agiririk ematen, ezta Aurrekari Penal eta Judizialen Agiria ere.

Horrez gain, 25 petro ordaintzea eskatzen diote (1.267 euro inguru) eta hau izugarri da 2014tik dokumentaziorik gabe bizi den pertsona batentzat. Horrez gain, langile publiko batek egiaztatutako agiri bat aurkeztea eskatzen diote, bizitzeko baliabide zilegiak dituela adierazten duena.

Semearen dokumentazioa erregularizatzeko beharrezko

13 urteko seme euskaldun-venezuelarra Euskal Herrian bizi da egun, eta egoera irregularrean dagoela salatu dute, aitaren "nortasun juridikoa" bideratu gabe egotearen ondorioz. Era berean, Guridiren bikotekidea denak ezin du lotura hau frogatu eta Euskal Herrian egoera irregularrean dago.

"Tortura zuri etenik gabe bat da hau"

Asier Guridi Zaloñak adierazpen hauek egin ditu Twitterren: "Ez dut ezer onik espero Espainiako Estatutik, ohitua dagoena torturatzera, presoen eskubideak urratzera eta bere legeak haustera! Ez naiz española, ez naizelako español sentitzen. Espainiako Estatua da Euskal Herria okupatzen duena eta bere nortasuna inposatzen diguna. Espainiako Estatura jotzera behartuta nago, nortasun juridiko bat izateko eta horrela pertsona guztiok ditugun giza eskubideak izateko. Baina Espainiako Estatuak administrazioaren mendekua erabiltzen du, nortasuna ukatuz eta eskubideetara sarbidea trabatuz. (...) Ez dago epai judizialik nire nortasun agiria ematea eragozten duenik. Espainiako Estatuak ukatu egiten dit nire bizitza inposible egiteko xedez. Tortura zuri etenik gabe bat da hau".