argia.eus
INPRIMATU
Nortasun hipermodernoaren arrakalak

Ibai Furundarena Artesano 2024ko ekainaren 07a

Gaur egun, herrialde materialki aberatsetan, hau da, mendebalde hipermodernoan, badago identitatearen aldeko borroka. Aitzitik, zerikusi gutxi du klase-identitatearekin, nazio-identitatearekin, edo bestelako identitate komunitarioren aldeko borrokarekin. Nor autentikoa lokarri kolektiboez askatzen den ideia gailendu da, eta gure nortasuna termino indibidualistetan definitzearen ideia hegemoniko bihurtu da. Manuel Castells-ek sententzia gogorra jaurti zuen: gaurko modernitate berantiarraren erradiografia da identitate partekatuen disoluzioa.

Baina, nola esplikatu norbere nortasunaren hezurdura kontzientea familia, lagunartea, bikotekidea, lankideak, edo hiztun komunitateak gugan izan duen, daukan, eta izango duen eragina alde batera utzita? Gizaki isolatua ezinezkoa da ikuspegi kultural, historiko, politiko zein psikologikotik.

Ezaugarri indibidualak erdigunean jartzeak gure identitatea likidotzen du, eta giza nortasuna hautagarri bezain hauskorra izatea eragiten du. Hau da, batek errazago hauta dezake futbolari amorratua izatea, euskalduna izatea baino. Horrekin lotuta, batek errazago utz diezaioke asteburuetan futbol partidua ikusteari saskibaloi partidua ikusteko, euskalduna izateari baino. Beraz, argi dago identitate mota guztiak ez direla hautagarritasun, iraupen eta hauskortasun berekoak.

Indibidualismoaren gorakadak nahitaez txoko kolektiboak hauskorragoak izatea eragiten du. Gero eta gehiago kostatzen zaigu baturik eustea

Indibidualismoaren gorakadak nahitaez txoko kolektiboak hauskorragoak izatea eragiten du. Gero eta gehiago kostatzen zaigu baturik eustea, bi norbanakok frekuentzia bera sintonizatzea. Auzi horrek zera dakar: elkartasunaren eta zaintzaren erlatibizazioa.

Zaintzaren krisian bizi gara hipermodernitatean. Sare afektibo-sinbolikoa alde batera utzi eta lana-familia eta familia-lana bihurtu dugu. Horretarako, badaukagu tresna eraginkorra: zaintza erakundetua.

Elkartasun plastifikatua sortu dugu, non zaintza instituzionalizatu den. Horrek ez du esan nahi mekanismo instituzionalak elkartasunaz ahaztu behar direnik, baina, herritarrok ardura etiko-moraletatik askatuz gero, badago alde ilunik: norbere zilborrari begiratzen dion herritar prototipoa. Herritar prototipo horrek erakundeei pasatuko die lan zama, eta erruak egotziko dizkie bere kontzientzia zuritzeko.

Denen ahotan dago osasun mentala azken urteotan. Herritarrek askotan egiten dute galdera bera: non daude instituzio publikoak? Zergatik ez dute behar beste lan egiten? Baina inoiz ez da kontrako galdera egiten: non dago kuadrilla? Non daude auzokideak, herritarrak? Herriaren eta norberaren erantzukizuna da elkar zaintza, elkar zainduak izan nahi badugu.

Fast Food” identitateen eta zaintzaren krisiaren aurrean, kolektibotasunak ematen digun sustraietan errotzea funtsezkoa da. Biologikoki prestatuak gaude sustraiak izateko, sustraietatik loratzeko. Elkar ereindako bizitzak dira gizarte hipermodernoaren kontrako armak.

Ibai Furundarena Artesano